Azken urteotan gora egin du Debabarrenean bokazio teknikoen sustapenaren aldeko apustuak. Horren erakusgarri da Gazte Robotika egitasmoa, duela urtebete Debabarreneko Udalek eta Debegesa Garapen Agentziak abian jarritakoa. Egitasmo honen helburu nagusia da bokazio teknikoak sustatzea, eskualdeko enpresa industrialek izan ditzaketen beharrei erantzuna emateko helburuarekin.
Ekimen hezigarri bat da, haur eta gaztetxoen artean zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikarekiko interesa pizteko asmoa duena (STEM deritzoten gaitasunak), modu praktiko eta dibertigarri batean.
Gazte Robotikak ahalegin berezia egiten du tailer teknologikoetan bereziki neskatilen parte-hartzea bultzatzeko. Izan ere, ikasketa teknikoetan matrikulatzen diren ikasleen artean, neskak askoz gutxiago dira; ziklo industrialen bat ikasten duten nesken portzentajea ez da %6ra ere iristen. Azpimarratzekoa da, joan den urteko edizioan neskak %30 izan zirela.
Helburu zehatzagoen artean daude, gaztetxoen artean talde-lana sustatzea, ikastetxe, enpresa eta robotikaren eta programazioaren arloan diharduten entitateen arteko topagunea sortzea, eta Debabarrena arlo horien aldeko apustua egiten duten eskualdeen artean posizionatzea.
Joan den urteko udan eta Aste Santuan izandako harrera bikainaren ostean, Gazte Robotika egitasmoak aurtengo udan ere robotika eta bideojokoen sorkuntza tailerrak eskainiko ditu Debabarreneko sei udalerritan. 2017an abian jarri zenetik, 200 gaztetxo baino gehiagok parte hartu dute egitasmoan.
Edizio berri honetan zortzi tailer eskainiko dira. Tailer hauetan euren proiektuak diseinatu eta garatu ostean, irailean Ermuko Izarra Centren egingo den Euskadiko Hezkuntza Robotika Txapelketaren 2. Edizioan parte hartzeko aukera izango dute, doan.