Euskal Kostaldeko Geoparkeak Europar Sarean sartzea aitortzen dion ziurtagiria jaso zuen atzo
Atzo jaso zuten Deba, Mutriku eta Zumaiako Udalek,
Geogarapen
Elkarteko gainerako kideekin batera (Euskal Kostaldeko Geoparkearen kudeaketarako
Elkartea),
Geoparkeen Europar Sarean eta Sare Globalean sartzea aitortzen dien
ziurtagiria.
Ekitaldia Debako Udalean burutu zen eta
bertan izan zen Guy Martini geologo frantsesa, Geoparkeen Sareko koordinazio batzordearen
ordezkari. Hain zuzen, Martiniren eskutik jaso dute hiru udalerrietako alkateek
aipatu ziurtagiria.
Guy Martini Haute Provence frantziar
Geoparkeko Zuzendari Zientifikoa da eta Sareko Aholkularitza Batzordeko
eta Koordinazio Batzordeko kide nabarmena. Geoparkeen proiektuak oinarrian duen
marko teorikoaren garapenean ekarpen gehien egin duen pertsona da geologo
frantsesa.
Martinik bere hitzaldian ongi etorria eman
zien Sarearen izenean Geogarapen Elkarteko kide guztiei,
hautagaitza aurkezteko orduan egindako lana goretsi zuen eta “Euskal Kostaldeko
Geoparkearen ondare geologiko, kultural eta natural bikainak” nabarmendu zituen.
Era berean, ekitaldian parte
hartu zuten Euskal Kostaldeko hautagaitzari babesa eskaini dioten erakundeak eta
pertsonak, baita Geoparkearen lan-taldeak osatzen dituzten profesionalak ere.
Ekitaldiaren bigarren zatian, EHUko irakasle
Xabier Orue-Etxebarria katedradunak eta Juan Ignacio Bacetak aurkezpen txiki
bat eskaini zuten “Euskal Kostaldeko ikerketa geologikoen iragana, oraina eta
etorkizuna” izenburupean. Orue-Etxebarriak eta Bacetak euskal geoparkeari
aparteko balioa ematen dien elementu nagusiak izan zituzten hizpide,
barnealdekoak zein kostaldekoak.
Aurkezpen hau Geogarapen Elkartearen
eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko lankidetza hitzarmenaren barruan
kokatzen da.
Euskal Kostaldearen Geoparkea
Hiru udalerri
hauek aurkeztutako hautagaitzak, EUSKAL KOSTALDEKO GEOPARKEAREN PROIEKTUA
izenburupean, UNESCOren eta Europar Geoparkeen Sarearen Koordinazio
Batzordearen onespena jaso berri du. Honi esker, Deba, Mutriku eta Zumaia
biltzen dituen lurraldeak Europar Geoparkeen Sarera eta Sare Globalera sartzea
lortu du.
Geogarapen-eko kide dira Elkartearen sortzaile eta proiektuaren sustatzaile izan
diren Deba, Mutriku eta Zumaiako udalez gainera: Gipuzkoako Foru Aldundia,
Debegesa (Debabarrenako Garapen Ekonomikorako Elkartea), Aranzadi-Zientzia
Elkartea, Debemen (Debabarreneko Landa Garapeneko Elkartea),
Unesco Etxea eta Urkome (Urola Kostako Landa Garapeneko Elkartea). Partaide
izateko bidean dira, berriz, Eusko Jaurlaritza eta Urola Kostako
Mankomunitatea.
Proiektuaren kudeaketa eta
koordinaziorako, Geogarapenek Debegesarekin sinatu du lankidetza hitzarmena, eta
Zuzendaritza Zientifikoa Geosei enpresako Joan Poch geologoaren esku dago.