GURE BALIOAK, Debabarreneko eskualdean gizarte balioak sustatzea helburu duen proiektua, jendaurrean aukeztuko da datorren irailaren 27an
Debegesa garapen agentziak bultzatuta eta Debabarreneko hainbat
herritarrek osatutako Foroa buru duela, GURE
BALIOAK proiektuak Debabarreneko eskualdean gizarte-balioak sustatzea eta
eskualde jasangarri eta lehiakor bat lortzeko bidean balioen garrantziaz
ohartaraztea du helburu.
Aurkezpen ekitaldia datorren irailaren 27an
egingo da, 19:00etan, Eibarko Hezkuntza Esparruko ekitaldi aretoan (UNI-EHU),
eta eskualdeko herritar oro dago gonbidatuta. Proiektuaren arduradunek
ekimenaren berri emango dute eta herritarrei bertan modu aktiboan parte
hartzeko gonbit egingo diete.
Hala, herritarren parte hartzea sustatzeko eta
ahalbidetzeko hainbat bide ireki dira Interneten. www.gurebalioak.com web guneaz gainera,
Facebook eta Twitter sare sozialak erabiliko dira.
Gainera,
aurkezpen ekitaldian, banka etikoaren gainean hitzaldia eskainiko du Joan Antoni Melé Triodos Bank-eko Zuzendariorde
nagusiak. “Dirua eta kontzientzia: noren zerbitzura dago nire dirua?”
izenburupean, Melé
kontzientzia hartu beharraz eta ekonomia berri bat ezartzeko oinarriez arituko
da bere hitzaldian.
Joan
Antoni Melé – TRIODOS BANK (banka etikoa)
Joan Antoni Melék 30 urte baino gehiago darama banketxeen
sektorean lanean, Ekonomia eta Finantza Zuzendaritza ikasketak burutu ditu eta
hamaika ikastaro eta mintegitan hartu du parte honako gai hauetan:
komunikazioa, giza harremanak, zuzendaritza teknikak, banku-arriskuen
analisiak…. Era berean, banku etikoaren sustapenera eta Latinoamerikan garapen
proiektuen laguntzara zuzendutako
irabazi-asmorik gabeko entitate ezberdinetan boluntario lana egiten du.
Gainera, foro eta hitzaldi askotan hizlari aritzen da ekonomia soziala, finantza
etikoa eta humanitateak gai hartuta.
Joan Antoni
Melé “Dinero y Conciencia. A quién sirve
mi dinero” liburuaren egilea da (Plataforma Editorial). Liburuan Melék balioetan oinarritutako
ekonomia sustatu eta diruaren erabilera arduratsuaz kontzientzia piztu nahi
du.
Eibarren eskainiko duen hitzaldian, Melé gizartearen aldetik
kontzientzia hartu beharraz eta ekonomia berri bat ezartzeko oinarriez arituko
da.
Sarrera librea da. Dei egiten zaie herritar
guztiei bertara joan daitezen.