Artzain izateko aukera berria igandean Lasturren
Debegesa garapen agentziako Turismo Sailak bultzaturiko “Artzain Txikiak” esperientzia turistikoak hitzordu berria du igandean, martxoak 18.
Bisita goizeko 10:30etan abiatuko da Lasturko plazatik. Bisitariak euskal baserriaren mundura murgilduko dira eta familia osoak izango du gozatzeko aukera antzinako baserriko bizimoduan lantzen ziren ofizioak gogora ekarriz.
Oraindik tokia dago iganderako. Izena emateko Debako Turismo Bulegora deitu behar da 943 19 24 52 zenbakira, edo turismoa@deba.net helbidera idatzi.
Halaber, www.debabarrenaturismo.com webgunean informazio osoa eta egutegia ikus daiteke.
“Artzain txikiak” esperientzia
“Artzain Txikiak” egitasmoa Debegesak bultzatu du, Debabarreneko eskualdearen sustapen turistikoaren baitan familia osoari zuzendutako jarduera eskainiz.
“Artzain Txikiak” esperientzia Lasturren egingo da, Deban. Han, etxeko txikienak, txapela buruan eta makila eskuan, artzai bihurtuko dira egun batez. Latxa arrazako artaldea ezagutu eta benetako Idiazabal gazta nola egiten den ikasiko dute. Ondoren, artisau bilakatu eta ardien artilearekin tapiz bat egingo dute ehun-tailerrean.
Gainera, Lasturko errota zaharrean artoa ehotu ostean, familia osoak talo tailer batean hartuko du parte eta prestatutakoa dastatzeko aukera izango dute.