Aste Santuan Euskal Kostaldeko Geoparkeaz gozatzeko hamaika aukera
Iragan martxoaren 17an eman zion hasiera Euskal Kostaldeko Geoparkeak denboraldi berriari, hamaika berrikuntzarekin. Horien artean, haurrei zuzendutako proposamen eta jarduera berriak, espeleologia irteera gidatuak, Karstaren mundua ezagutzeko zaldi-ibilaldiak, zetazeoak ikusteko irteerak…
Hala, egunotan asko izan dira Geoparkera hurbildu diren bisitariak, Zumaia, Deba eta Mutrikuko herriek osatua, bertako natur eta kultur ondare liluragarriaz gozatzera. Horien artean, Deustuko Unibertsitateko Turismo Graduko 3. mailako ikasle taldea, hirugarren adineko Gasteizko elkarte bateko kideak eta ikastetxe ezberdinetako ikasle taldeak.
Geoparkeak eskaintzen dituen bisita gidatuak gai eta iraupen ezberdinekoak dira, publiko zabalari zuzenduta, eta hiru bloketan sailkatzen dira: Flyscharen ibilbideko irteerak kostaldean, Karstaren ibilbidekoak barnealdean eta kultura eta esperientzia eskaintza lurralde osoan.
Asteburuko eskaintza
Datorren asteburuan, larunbatean eta igandean, hainbat irteera eskainiko dira.
Larunbatean, martxoak 31, irteera geologikoa eta txalupa ibilaldia egingo da, Zumaiako ondare geologiko ikusgarriaz gozatzeko aukera bikaina. Igandean familiari osoari zuzendutako ekimena burutuko da, Ibilaldia txalupan, Deba eta Zumaia arteko Flyschgune garrantzitsua ikusteko aukera paregabea.
Aste Santuko eskaintza
Aste Santurako Euskal Kostaldeko Geoparkeak gehitu egingo du bisita eta jardueren kopurua. Hala, apirilaren 5etik 9ra bitartean, naturaz, historiaz eta kulturaz gozatzeko aukera ugari izango da Geoparkearen eskutik. Aukera zabala da, publiko osoari zuzenduta.
Informazio gehiago www.geoparkea.com webgunean. Halaber, bisita gidatuetarako sarrerak webgunean bertan eskuratu daitezke, baita Mutriku, Deba eta Zumaiako Turismo Bulegoetan ere.