Eskolako Agenda 21 programaren baitan, Debabarreneko ikasleak udal teknikariekin elkartu dira mugikortasunaz galdegiteko

2012-03-28 Iruzkinik ez

Debegesako Garapen Jasangarrirako Sailaren gidaritzapean, Eskolako Agenda 21 programaren baitan aurtengo ikasturtean mugikortasuna dute aztergai eskualdeko ikastetxeetan (Soraluze, Elgoibar, Eibar, Ermua, Mendaro, Deba eta Mutriku). Helburu nagusia gure herriak jasangarriagoak nola bihur daitezkeen aztertzea da eta, horretarako, ikasleak mugikortasunari buruzko diagnostikoa burutzen ari dira euren herrietan, egoeraren azterketa egin eta arazo edota hutsuneak identifikatu asmoz.

 

Herri diagnostikoaren lanketan ikasleek izan ditzaketen zalantzak argitzeko, udal teknikariekin hitz egiteko aukera eskaini zaie. Hala, egunotan Soraluze, Elgoibar, Ermua eta Eibarko ikastetxeetako ikasleen ordezkari talde bana, 4-5 lagunez osatua, herri bakoitzeko udaltzaingo arduradunarekin eta Hirigintza Saileko teknikariekin elkartu dira mugikortasunarekin loturik euren herrietan egiten ari diren proiektuen berri zuzenean jaso asmoz.

 

Bilera hauen balorazio ona egin dute ikastetxe zein udal arduradunek. Ikasleek galderak egiteko aukera izan dute herriko mugikortasun arazo eta beharren inguruan eta horrek, zalantzarik gabe, lagunduko die diagnostikoa egiterakoan proposaturiko konponbideak errealitatera gehiago gerturatzen.

 

Izan ere, behin diagnostikoa bukatuta, maiatza aldera, udalbatzar berezi batean aurkeztuko dute ikasleek, mugikortasuna hobetzeko konponbide proposamenekin batera, baita ikasleek beraiek hartutako konpromisoak ere.

 

Falta diren herrietan, hau da, Deba, Mendaro eta Mutrikun, ikasleak apirilean elkartuko dira euren herrietako udal teknikariekin.