Gure Balioak 2012 Sarirako hautagaiak aurkezteko epea zabaldu du Debegesak

2012-04-26 Iruzkinik ez


Gure Balioak Sariak 3. edizioa beteko du aurten. Debabarreneko eskualdean gizarte-balioen arloan egindako lanagatik eredugarri den pertsona edo erakundea nabarmentzea eta saritzea du helburu Sari honek. Debegesa garapen agentziak sortu eta kudeatzen du sari hau.

Gure Balioak Sariak azpimarratu eta sustatu nahi dituen oinarrizko balioak integritatea, errespetua, ekintzailetasuna eta lankidetza-elkarlana dira.

Aurtengo ekitaldirako hautagaiak aurkezteko epea zabalik da dagoeneko. Eskualdeko edozein gizarte-agentek aurkeztu ahal izango du hautagaia, herritar, enpresa, elkarte, hezkuntza zein ikerketa zentro edota erakundeek. Hautagaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

  • Debabarrenean jaioa izatea edota bizi edo lan ibilbidea bertan garatu izana.
  • Bere balioengatik aipatzekoa den jardunbidea izatea.
  • Eskualdearekin lotura sendoa izatea.

Hain zuzen, www.gurebalioak.com web gunean aurkitu ahal izango dira sariaren gaineko xehetasun guztiak, “GURE BALIOAK SARIA 2012” atalean, baita hautagaia aurkezteko bete beharreko inprimakia ere.

Hautagaiak aurkezteko epea 2012ko ekainaren 13ra arte egongo da zabalik.

Gure Balioak proiektuak Debabarreneko eskualdean gizarte-balioak sustatzea eta eskualde jasangarri eta lehiakor bat lortzeko bidean balioen garrantziaz ohartaraztea du helburu.

2010ean, lehendabiziko edizioan, Maria Teresa Ganchegui eibartarrak eskuratu zuen errekonozimendua, gizarte balioen arloan izan duen ibilbide zabalagatik; 2011an, berriz, Gemma Agirregomezkortari eman zitzaion Gure Balioak Saria, ekimen honek sustatu nahi dituen balioak ezin hobe ordezkatzeagatik.