Debabarreneko ekintzaileen lana aitortzea helburu, Ekintzailearen Eguna ospatu du Debegesak

2012-05-30 Iruzkinik ez

Debegesak, Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkarteak, Ekintzailearen Eguna ospatu du gaur arratsaldean, Debabarreneko pertsona ekintzaileen lana eta esfortzua aitortzeko helburuarekin.

 

Enpresen Azokak emango dio ekitaldiari hasiera, arratsaldeko 18:00etan. Eskualdean sortu berri diren enpresek euren zerbitzu eta produktuak aurkezteko aukera izan dute.

 

Hauexek azokan parte hartu duten enpresak:

  • FELIX SANCHEZ (Deba) – Hestebete salmenta
  • ATENA MOBILIARIO (Eibar)– Bulegoko altzarien salmenta
  • ESTETIKA KERALA (Eibar)– Estetika zentroa
  • CONVERSIA (Eibar)- Aholkularitza Datuen Babeserako Legea
  • ATENOR (Eibar) – Zorrotzaile profesionalak
  • SOLUCIONES DE PLÁSTICO Y MAGNESIO (Ermua)

 

18:30etan hasi da ekitaldi nagusia Debegesako Zuzendari Nagusi Juan Angel Balbasek eskainitako ongi etorriarekin. Balbasek ekintzaileen lana balioan jartzearen garrantzia azpimarratu du, hauek baitira “etorkizuna eraikitzen eta aurrera egiten lagunduko digutenak”. Halaber, babes eta adore mezua bidali die ekintzaileei eta eskualdeko enpresariei, “euren lan bikainari eutsi diezaioten eta jakin dezaten Udalen eta Debegesaren laguntza izango dutela une oro”.

 

Ondoren, hitzaldia eskaini du Isabel Santiago coach eta ekintzaileak, “Pentsamendu berria, errealitate berria, jarduera berriak” izenburupean.

 

Hitzaldiaren ostean, Ibon Muguruzak eta Esther Velascok hartu dute hitza, eskualdeko ekintzaile talde baten izenean, EKINGUNE egitasmo berria aurkezteko. “Ekingune eskualdean sortu berri diren enpresei laguntza eta babesa emateko jaio da, ekintzaileen arteko lankidetza bultzatu eta lehiakorragoak izateko”.

 

Eguneko unerik zirraragarriena, zalantzarik gabe, Debabarrena Ekinean! eta Bai Industriari! errekonozimenduak banatu direneko unea izan da. Errekonozimendu hauek pertsona ekintzaileak balioan jartzea dute helburu.

 

Debabarrena Ekinean! sariei dagokienean, hauexek izan dira irabazleak:

 

  • Iraunkortasuna/Nekaezintasuna sailean, errekonozimendua JASONE OSORO elgoibartarrarentzat izan da. Elgoibarko Udaleko ordezkari Miriam Monteroren eskutik hartu du Osorok errekonozimendua.

 

Jasone Osorok 2010ean Berbak, www.berbak.net, izeneko enpresa sortu zuen, idazle zerbitzuak eskaintzeko. Berbak-en lan-tresna hitza da, testua, edukia; eta bezero bakoitzaren beharretara egokitzen da kasuan kasuko proposamena eginez.

 

  • Plus Ekimena saria Mutrikuko FADI DOMIT artisau-arrantzaleak jaso du. Joseba Palenzuela Mutrikuko alkatearen eskutik jaso du errekonozimendua.

 

Enpresa-proiektu berri honen sorrera Debegesak babestu du, garapen agentziak eta Mutrikuko Udalak bultzatu eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak diruz lagundu duen “BALEA” egitasmoko ekintza-alor baten baitan kokatzen baita. “BALEA” proiektuaren ekintza-alorrak dira: artisau-arrantza, akuakultura, arrantza-turismoa eta industria eraldatzailea.

 

  • Talde-lanari dagokion errekonozimendua EKINGUNE egitasmoak jaso du. Eibarko Udaleko Lan, Berrikuntza eta Garapen Ekonomikorako Departamentuko arduradun Mari Jose Telleriaren eskutik jaso zuten errekonozimendua.

 

Debabarreneko ekintzaile talde baten eskutik, Ekingune berriki sortu diren enpresei laguntza eta babesa eskaintzeko jaio da. Zonaldean erreferente izan nahi duen proiektua da, ekintzaileen arteko lankidetza sustatuko duena, eta kontaktu sarea landu eta lehiakortasuna hobetzea helburu duena.

 

  • Bai industriari! errekonozimendua, SOLUCIONES DE PLÁSTICO Y MAGNESIO (SPMG) enpresak jaso du, sektore industrialean ekiteagatik eta Debabarreneko gainerako enpresen nazioartekotzea ahalbidetzeagatik.

 

SPMG berriki sortu den enpresa bat da eta Ermuan du egoitza. Plastiko eta magnesio soluzioen diseinua, garapena eta fabrikazioa egiten du. Sustatzaileetako batek, Iker Gonzalezek, jaso du errekonozimendua Rural Kutxako Ekintzaileen Alorreko Arduradun Daniel Montoyaren eskutik.

 

Ekitaldia amaitzeko, ardo dastaketa eskaini zaie parte-hartzaileei Heras Cordon upeltegiaren eskutik, Bacoleku ardotegiaren bitartez, eta hestebete dastatzea Felix Sanchez eta Ogi Berri Urkizuren eskutik.