Elgoibarren ere mugikortasun jasangarria aldarrikatu dute ikasleek
Gaur, goizeko 11:00etan, Egoibarko udal ordezkariek harrera egin diete Udalbatza aretoan Eskolako Agenda 21 egitasmoan parte hartu duten ikasleei. Hain zuzen, 40 ikaslek osaturiko ordezkaritza bat izan da gaur udaletxean.
Debegesako Garapen Iraunkorrerako Sailaren koordinaziopean, aurtengo ikasturtean Debabarreneko ikastetxeetan mugikortasunaren gaia landu da. Elgoibarren ikastetxe guztiek hartu dute parte egitasmoan, hala nola, IMH, Meka, Institutua, Herri Eskola eta Ikastolak.
Gai hau lantzeko hainbat ekintza burutu dituzte ikastetxeetan. Besteak beste, ikasleak kalera atera dira eta Elgoibarren dauden mugikortasun arazoak aztertu dituzte. Ikasleek herriko diagnostikoa burutu dute, hobetu beharreko puntuak identifikatu dituzte eta horiek bideratzeko proposamenak aurkeztu dizkiote gaur Udalari.
Herriko mugikortasuna hobetzeko eta jasangarriagoa bihurtzeko ikasleek egindako proposamenen artean daude, besteak beste:
- Ikastolako aldapan kotxeak ez aparkatzeko neurriak hartzea, isunak, piboteak…
- Garraio publikoaren erabilera sustatzeko kanpaina abiatzea
- Egoera txarrean dauden espaloi eta errepideak konpontzea
- Espaloien zabalera eta azalera egokitzea
- Herritarrei iritziak eta aholkuak eskatzen jarraitzea, gaurko adibideari jarraituz
- Bidegorriak eta bizikletak uzteko aparkalekuak egitea
- Albitxuriko eraikuntzara oinez joateko bidea hobetzea
Laburbilduz, eskaera hauekin guztiekin oinezkoek lehentasuna izatea eskatzen dute, kalean seguru eta autonomia osoz ibil ahal izatea eta kotxea albo batean uztea.
Udal ordezkariek, ikasleen eskaera eta proposamenak jaso dituzte eta eskerrak eman dizkiete egindako lanagatik eta aurkeztu dituzten proposamenengatik.