Burdinolen Ibilbidea egingo da berriz igandean
Burdinolen Ibilbidea Debegesa garapen agentziak Debanatura Elkartearekin batera abiatu duen “Arbasoen Deia” bisita programaren baitan kokatzen da. Helburua da eskualdeko herritarrei zein bisitariei Debabarreneko historia eta ondare baliotsua ezagutzera ematea.
Mendaroko tren geltokitik abiatuta, Kilimoi bailarara abiatuko dira bisitariak eta bertan ibilbide labur eta erraza egingo dute burdinola, karobi eta bide zaharren aztarnak jarraituz. Hain zuzen, historikoki eta etnografikoki Debabarrenean bailara honek duen garrantziaren adierazle dira elementu hauek. Bailara hau ezagutu ostean, Mendarotik Elgoibarrera trenez abiatuko dira, Makina Erremintaren Museoa ezagutzeko.
Debabarreneko industria eta makina erremintaren kultura ezagutzera ematea du helburu txangoak.Ibilbidea gida-interprete baten azalpenek lagunduta egingo da.
Hitzordua igandean da, goizeko 10:00etan, Mendaroko tren geltokian. Erreserbak 943191172 / 695783656 telefonoetara deituz edo debanatura@hotmail.com helbidera idatziz egin daitezke.