Birgaitze proiektuari baietz esan diote Eibarko Mogel auzoko 9 etxe-ataritako bizilagunek

2012-07-12 Iruzkinik ez

Atzo eta herenegun burutu ziren Eibarko Mogel Auzoan bizilagunen arteko lehen bilerak Eibarko Udalak, Debegesa Garapen Agentziak eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin bultzaturiko auzoa birgaitzeko egitasmoaren onarpena eztabaidatzeko. Hain zuzen, 9 etxe-ataritan egin dituzte bilerak eta denek baietz esan diote proiektuari.

 

Birgaitze proiektu honek Mogel auzoko etxebizitza-eraikinetan hainbat hobekuntza egitea aurreikusten du, etxeetara sarbidea erraztu eta eraginkortasun energetikoa ahalbidetuz. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak, Eibarko Udalaren bitartez, 2.800.000 euro banatuko ditu etxe-jabeen artean birgaitze lan hauek aurrera eramateko.

 

Hain zuzen, egitasmoak honako hobekuntza hauek aurreikusten ditu: igogailuen instalazioa, eraikinen isolamendu termikoa hobetzeko fatxada eta teilatuen birgaitzea eta ur beroarentzako eguzki-plaken eta akumuladore zentral baten instalazioa.

 

Azken hilabeteetan bizilagun batzorde bat, Udala eta Debegesa elkarrekin aritu dira lanean bizilagunei proiektuaren gaineko informazioa helarazteko, informazioa gutunontzietan sartuz, hainbat bilera eginez eta ekainean auzoan bertan jarritako informazio-mahai baten bitartez.

 

Debegesako Hirigintza eta Birgaitze Saileko arduradun Esther Zarrabeitiaren hitzetan, “birgaitze lan hauei esker, etxebizitzen erosotasuna eta kalitatea nabarmen hobetuko dira, gasaren fakturan aurreztuz eta etxebizitzen eta auzoaren balioa handituz”.

 

Halaber, nabarmentzekoa da Eibarko Udala eta Debegesa Garapen Agentzia Mogel auzoa birgaitzeko proiektu hau babesten duen Europar Egitasmo bateko kide direla eta, honenbestez, auzotarrek Europatik etorritako diru-laguntzak eskatu ahal izango dituztela.

 

Gainera, Debegesa harremanetan dabil Energiaren Euskal Erakundearekin (EVE) auzotarrei zuzendutako diru-laguntzak handitu asmoz.

 

Diru-laguntza hauek eskatzerako orduan, Debegesak informazioa eta doako aholkularitza eskainiko die hala eskatzen duten herritarrei.

 

Mogel auzoan 21 etxe-atari daude guztira eta hilabete honen buruan erabaki beharko dute proiektuarekin bat egingo duten ala ez. Lanak 2013an hasiko dira.