Gure Balioak sariaren epaimahaiak bilera egingo du asteazkenean aurten saria nori eman erabakitzeko
Gure Balioak Sariaren aurtengo epaimahaiak bilera egingo du asteazkenean, hilak 18, edizio honetako pertsona edo erakunde irabazlea eztabaidatu eta erabakitzeko.
Guztira, 21 hautagaitza aurkeztu dira eta horien artean egingo du aukera epaimahaiak. Hautagaiek askotariko arloak ordezkatzen dituzte: enpresa, kultura, kirola eta arlo soziala.
Gure Balioak Sariak 3. edizioa beteko du aurten. Debabarreneko eskualdean gizarte-balioen arloan egindako lanagatik eredugarri den pertsona edo erakundea nabarmentzea eta saritzea du helburu sari honek. Debegesa Garapen Agentziak eratu eta kudeatzen du Saria.
Gure Balioak Sariak azpimarratu eta sustatu nahi dituen oinarrizko balioak integritatea, errespetua, ekintzailetasuna eta lankidetza-elkarlana dira.
Aurtengo epaimahaia hurrengo pertsonek osatzen dute:
- Agirregomezkorta, Gemma: Gure Balioak Sariaren irabazlea 2011an (Elgoibar)
- Araolaza, Garikoitz: Gure Balioak proiektuko Herritar Foroko bozeramailea (Debabarrena)
- Arkotxa, Jose Antonio: Armeria Eskolako Zuzendari ohia eta Debabarreneko Nagusien Kontseiluko kidea (Eibar)
- Arostegi, Nere: Pediatra eta Debako Euskal Dantza Taldeko Zuzendari ohia (Deba)
- Balbas, Juan Angel: Debegesako Zuzendari Nagusia (Debabarrena)
- Barrero, Esther: Bizkaiko Caritas-eko laguntzaile bikariala (Ermua)
- Bengoa, Alex: Tekniker-eko Zuzendari Nagusia (Eibar)
- Galarraga, Idurre: Mallabiko Udaleko administraria (Mallabia)
- Galarraga, Mertxe: “Manos comprometidas” Elkarteko kidea eta Soraluzeko Kutxako Zuzendaria (Soraluze)
- Guisasola, Aitor: Ekintzaile gaztea. Enpresa: Manahmana (Elgoibar)
- Iriondo, Jesús Mari: Maser Microelectrónica-ko Zuzendari Nagusia (Elgoibar)
- Martinez, Marisa: Antzerki gidoilaria eta irakaslea (Mutriku)
- Osoro, Jasone: Idazlea, kazetaria eta ekintzailea. Enpresa: Berbak (Elgoibar)
- Zabala, Amagoia: Ermuko Udaleko gizarte zerbitzuetako teknikaria eta Agintzari Kooperatiba enpresako kidea (Mendaro)
- Zubiaurre, Eduardo: Jaz-Zubiaurre-ko Gerentea eta ADEGI-ko presidente ohia (Eibar)
2010ean, lehendabiziko edizioan, Maria Teresa Ganchegui eibartarrak eskuratu zuen errekonozimendua, gizarte balioen arloan izan duen ibilbide zabalagatik; 2011an, berriz, Gemma Agirregomezkortari eman zitzaion Gure Balioak Saria, ekimen honek sustatu nahi dituen balioak ezin hobe ordezkatzeagatik.
Sari banaketa ekitaldia aurten Elgoibarren egingo da, urriaren 18an, Musika Eskolan.