“Arbasoen deia” egitasmoaren baitan, bi bisita berezi eskainiko dira abuztuan

2012-07-27 Iruzkinik ez

Debegesa Garapen Agentzia eta Debanatura Elkartearen ekimenez, “Arbasoen Deia” bisita programaren helburua eskualdeko herritarrei zein bisitariei Debabarreneko historia eta kultur ondarea ezagutzera ematea da, Debabarreneko eskualdearen iraganean eta tradizioetan sakonduz.

 

Bisita programa iragan ekainean jarri zen abian, bertako herritarrei zein kanpotik etorritako bisitariei Debabarreneko historian barrena murgiltzeko aukera eskainiz. Abuzturako ez zegoen irteerarik aurreikusita baina, uda sasoian bisitarien kopuruak gora egiten duela eta, bi bisita gidatu eskainiko dira abuztuan.

 

Hain zuzen, bata, Dolmenen Ibilbidea, abuztuaren 6an egingo da. Eta abuztuaren 18an, berriz, Burdinolen Ibilbidea. Bi ibilbideak gida-interprete baten azalpenek lagunduta egingo dira.

 

Aipatzekoa da, gainera, prezio murriztua egingo zaiela irteera hauetan parte hartzen duten bisitariei. Honela, helduek 6 € ordaindu beharko dute; eta 12 urtetik beherakoentzat dohainik izango dira irteerak.

 

Halaber, esan, haurrek erraz egin ahal izango dutela ibilbidea, haientzat espreski prestaturiko jolas dibertigarri baten bidez.

 

Dolmenen Ibilbidea: Euskal Herriko begiralekurik onenetarikoa den Karakate-Irukurutzeta mendilerroan, trikuharri eta tumuluen kontzentrazio handia aurkitzen da. Euskal artzainen eta nomaden aztarnak jarraituz, ibilbide interesgarria burutuko dute bisitariek Soraluze eta Elgoibarko inguruetan. Gainera, geldialditxo bat egiteko aukera eskainiko zaie eskualdeko sagardoa, gazta eta ogia dastatzeko.

Irteera abuztuaren 6an egingo da,  goizeko 10:00etan, Karakateko parkingetik, eta ibilbideak 4 orduko iraupena izango du, gutxi gorabehera.

Burdinolen Ibilbidea: Mendaroko tren geltokitik abiatuta, Kilimoi bailarara abiatuko dira bisitariak eta bertan ibilbide labur eta erraza egingo dute burdinola, karobi eta bide zaharren aztarnak jarraituz.  Bailara hau ezagutu ostean, Mendarotik Elgoibarrera trenez abiatuko dira, Makina Erremintaren Museoa ezagutzeko. Hitzordua abuztuaren 18an, goizeko 10:00etan, Mendaroko tren geltokian.

 

* Erreserbak egiteko:

– DEBANATURA: 943191172 / 695783656 telefonoetara deituz edo debanatura@hotmail.com helbidera idatziz.

 

– DEBA edota MUTRIKUko Turismo Bulegoetan.