Irailak 15, auzolanean ibaia garbitzeko deialdia Deban

2012-09-04 Iruzkinik ez

Deba ibaian hondakin eta mota guztietako zaborra pilatzen da. Horren gainean herritarrak sentsibilizatu asmoz, iaz egin zen moduan aurten ere Debegesa Garapen Agentziak Deba ibaia auzolanean garbitzeko ekimenak burutuko ditu datozen asteetan eskualdeko zortzi herrietan, “Ibai Lagun” programaren baitan. Garbiketa egiteko boluntario taldeak osatuko dira.

 

Lehendabiziko hitzordua Deban izango da, irailaren 15ean.

 

Ekimena Debegesa Garapen Agentziak antolatu du, URAren (Uraren Euskal Agentzia), Debako Udalaren eta herriko hainbat elkarteren laguntzarekin (Debanatura Elkartea, Zubi Guraso Elkartea, Yako Surf Eskola, Amaikak Bat futbol taldea eta Kukulak).

 

Ibaiaren garbiketa bi modutara egingo da, oinez eta ontzietan. Goizeko 11etan elkartuko dira oinezko boluntarioak Anes Arrinda Pasealekuan, portuko kasetaren parean, garbiketa hezegunean -ibai bazterrean- egiteko. Arropa erosoa eta zapata egokiak eramatea komenigarria da. Garbiketarako beharrezko materiala (eskularruak, zabor-poltsak…) Debegesako kideek eramango dute. Ondoren, luncha eskainiko zaie parte-hartzaile guztiei.

 

13:00etan bigarren hitzordu bat jarri da, ontzietan datozenentzat. Hala, ibaian barna pilatzen diren zaborrak txalupaz, piraguaz… jasoko dira. Kukulak enpresak piraguak jarriko ditu boluntarioentzat. 17:15ean merienda eskainiko zaie boluntarioei.

 

Debegesako Garapen Jasangarrirako departamentuak dei egiten die herritar guztiei boluntario gisa izena eman dezaten. Horretarako, 943 82 01 10 telefonora dei dezakete edo debaibaia@debegesa.com helbidera idatzi, irailaren 10a baino lehen. 18 urtetik beherakoak heldu batek lagunduta joan beharko dira.