Igande honetan, Burdinolen Ibilbidea Deba ibaian
Debegesa Garapen Agentziak eta Debanatura Elkarteak Burdinolen Ibilbidea egiteko aukera eskainiko dute igande honetan, irailak 9, goizeko 10:00etan..
Ibilbidea oinez eta trenez egingo da, gida-interprete baten azalpenek lagunduta, eta Debabarreneko industria eta makina erremintaren kultura ezagutzera ematea du helburu txangoak.
Mendaroko tren geltokitik abiatuta, Kilimoi bailarara abiatuko dira bisitariak eta bertan ibilbide labur eta erraza egingo dute burdinola, karobi eta bide zaharren aztarnak jarraituz. Hain zuzen, historikoki eta etnografikoki Debabarrenean bailara honek duen garrantziaren adierazle dira elementu hauek. Bailara hau ezagutu ostean, Mendarotik Elgoibarrera trenez abiatuko dira, Makina Erremintaren Museoa ezagutzeko.
Igande honetan ez ezik, datorren irailaren 23an ere izango da ibilbide hau egiteko aukera. Gainera, eskaintza berezia egongo da irailean “Arbasoen Deia” egitasmoaren baitan antolatuko diren ekimenetan. Honela, helduek 9 € ordainduko dute bisitarengatik eta 12 urtetik beherako haurrentzat dohainik izango da.
Erreserbak aldez aurretik egitea komeni da, 943 19 11 72 / 695 78 36 56 telefonoetara deituz edo debanatura@hotmail.com helbidera idatziz.
“Arbasoen Deia” bisita programa
Ibilbide hau, beste bi ibilbiderekin batera –Dolmenen Ibilbidea eta Paleolitoko Ibilbidea- “Arbasoen Deia” bisita programaren baitan kokatzen da. Helburua da eskualdeko herritarrei zein bisitariei Debabarreneko historia eta ondare baliotsua ezagutzera ematea.
Irailean bisita gidatu hauek eskainiko dira:
- Irailak 9 eta 23: Burdinolen Ibilbidea
- Irailak 16 eta 30: Dolmenen Ibilbidea