Urriak 7, Deba ibaia auzolanean garbitzeko deialdia Soraluzen

2012-09-18 Iruzkinik ez

Deba ibaian hondakin eta mota guztietako zaborra pilatzen da. Horren gainean herritarrak sentsibilizatu asmoz, iaz egin zen moduan aurten ere Debegesa Garapen Agentziak Deba ibaia auzolanean garbitzeko ekimena burutuko du Soraluzen, Udalaren, Uraren Euskal Agentziaren (URA) eta Mendi Taldearen laguntzarekin.

 

Garbiketa urriaren 7an egingo da, igandean. Goizeko 10:00etan elkartuko dira boluntarioak udaletxean. Arropa erosoa eta zapata egokiak eramatea gomendatzen da. Garbiketarako beharrezko diren eskularruak, zabor-poltsak… Debegesako teknikariek eramango dituzte. Ondoren, 13:00etan, luntxa eskainiko zaie parte-hartzaile guztiei.

 

Iaz 35 partaide batu ziren auzolanera eta zabor poltsa ugari atera zituzten ibaitik.

 

Debegesako Garapen Jasangarrirako departamentuak dei egiten die herritarrei, haur nahiz helduei, boluntario gisa parte har dezaten. Hori bai, aurretiaz izena ematea eskatzen zaie, aseguruak egin ahal izateko. Horretarako, 943 82 01 10 telefonora dei dezakete edo debaibaia@debegesa.com helbidera idatzi, urriaren 1a baino lehen. 18 urtetik beherakoak heldu batek lagunduta joan behar dira.

 

Ibai Lagun egitasmoak Deba ibaiaren ingurumen-balioa zaintzen eta mantentzen laguntzea du helburu, herritarren parte-hartzea sustatzearekin batera.