Larunbatean, azaroak 10, ibaia garbitzeko auzolana Elgoibarren
Elgoibarren ibaia garbitzeko auzolana urriaren 20an zen egitekoa baina bertan behera gelditu zen euri denboraleagatik. Orain, data berria jakinarazi nahi diegu herritarrei.
Ibaia garbitzeko lan-saioa larunbatean egingo da, azaroak 10, eta herritar oro dago gonbidatuta boluntario gisa parte hartzera. Goizeko 10:00etan elkartuko dira boluntarioak plazan. Arropa erosoa eta zapata egokiak eramatea gomendatzen da. Garbiketarako beharrezko diren eskularruak, zabor-poltsak, guraizeak… Debegesako kideek eramango dituzte. Ondoren, 12:30ak aldera, mokadutxo bat eskainiko zaie parte-hartzaile guztiei.
Debegesako Garapen Jasangarrirako departamentuak dei egiten die herritarrei, haur nahiz helduei, boluntario gisa parte har dezaten. Hori bai, aurretiaz izena ematea eskatzen zaie. Horretarako, 943 82 01 10 telefonora dei dezakete edo debaibaia@debegesa.com helbidera idatzi.
Ekimena Elgoibarko Udalak, Debegesa Garapen Agentziak, Morkaiko Mendizale Elkarteak eta Gazte Asanbladak antolatu dute, Uraren Euskal Agentziaren laguntzarekin. Ibaiaren ingurumen-balioa zaindu eta mantentzeko sentsibilizazio-lana egitea du helburu, ibai eta errekak garbi mantendu behar ditugula ohartaraztea.