Mijoa eta Deba ibaiak garbitu dituzte auzolanean Mutrikun eta Elgoibarren

2012-11-12 Iruzkinik ez

Ibaiaren ingurumen-balioa zaindu eta mantentzeko sentsibilizazio-lana egin asmoz, Mijoa eta Deba ibaiak garbitzeko auzolanak burutu zituzten larunbatean Mutrikun eta Elgoibarren, Udalen, herriko hainbat talderen eta Debegesa Garapen Agentziaren ekimenez, Uraren Euskal Agentziaren (URA) laguntzarekin.

Mutrikun 25 lagunek hartu zuten parte lan-saioan eta kamioikada bat zabor bildu zuten denen artean: botilak, latak, plastikoak, zapatillak, aletak, gurpilak… 

Goizeko 9:30etan egin zuten hitzordua boluntarioek plazan. Antolatzaileen azalpenak entzun ostean, eskularruak eta zabor poltsak banatu eta Mijoa errekarantz abiatu ziren, batzuk oinez eta beste batzuk autobusez.

Eguraldia lagun, Saturrarango hondartzan hasi ziren boluntarioak ibaiertzak garbitzen eta Pikupe auzoraino iritsi ziren. Hainbat boluntario ibaira sartu ziren zaborra atera nahian eta busti-busti eginda amaitu zuten azkenerako.

Ordu eta erdiz lanean jardun ostean, bildutako hondakinak kamioi batean sartu eta Txurruka plazara itzuli ziren boluntario guztiak. Bertan Ibai Lagun jaia ospatu zen. Txantxangorri taldeko kideek hondakinekin jolasak egiten zituzten bitartean, Mutriku Zero Zabor taldekoek berrerabilpen tailerrak antolatu zituzten haurrentzat. Egunari amaiera borobila emateko, bertako produktuekin prestatutako luntxa eskaini zitzaien ekimenean parte hartu zuten guztiei. 

Mutrikun ez ezik, Elgoibarren ere egin zen larunbatean ibaia garbitzeko auzolana. 6 lagunek osatutako talde txiki batek hartu zuen parte garbiketan eta denen artean 10 bat poltsa hondakin jaso zituzten. Partaideen artean Urgarden elkarteko kideak zeuden, Gipuzkoako ibaiak garbitzea helburu duen Donostiako boluntario taldea.

King Kong izenez ezaguna den eremutik merkatu plazara bitarteko zatian jardun zuten boluntarioek ibaitik zaborra ateratzen, besteak beste, plastikozko poltsak, trapuak, forjako alanbreak eta konpresa ugari.

Ibaian aurkitutako hainbat hondakinek erakusten dutenez, oraindik ere bada jendea zaborra komunetik behera botatzen duena eta horren gainean ohartarazi egin nahi izan zuten antolatzaileek, zaborra banatu eta dagokion edukiontzira bota behar dela, alegia. Lana amaitutakoan, mokadu bat eskani zitzaien boluntarioei, eskerrak emateko.

Lan-saio hauek Ibai Lagun egitasmoaren baitan kokatzen dira. Ibailagun 2011. urtean Debabarreneko eskualdean jaio zen sentsibilizazio egitasmoa da. Saio hauen bidez, ibaia kutsatzen duten hondakinen inguruko sentsibilizazioa egin eta ingurumena zaintzearen garrantziaz ohartarazi nahi da.