Debabarrena, Udalsarea 21 Jardunbide Egokienei Sarietan garaile, Biodibertsitatea kategorian
Beste behin, Tokiko Jasangarritasunerako Jardunbide Egokienen Udalsarea 21 Sariek euskal udalerriek jasangarritasunaren alde egindako lana aitortu dute. 4. edizio honetako 5 sarituak izendatu berri dituzte eta horien artean daude Debabarreneko eskualdea, Biodibertsitatea kategorian, Deba eta Ego Ibaiak berreskuratzeko eta balioan jartzeko abian jarritako “Deba Ibaia Bizigura” programari esker, eta Elgoibar, aldaketa klimatikoa kategorian, Emugi proiektuagatik.
“Deba Ibaia Bizi Gura” ekimenak Debabarreneko eskualdean Deba eta Ego ibaiak berreskuratzea eta balioan jartzea du helburu, ingurumen arloan zein arlo ekonomikoan eta sozialean, eta Debegesa Garapen Agentziaren (eskualdeko 8 Udalen izenean) eta Uraren Euskal Agentzia URAren artean sinatutako hitzarmenaren baitan kokatzen da.
“Deba Ibaia Bizi Gura” programaren baitan, hainbat jarduera eraman dira aurrera. Horien artean:
– Deba eta Ego ibaiertzetan bertako landaretzaren berreskuratzea. Landare inbaditzaileek arazo ekologiko larria eragiten dute, pasaia-eraldaketak eta galera ekonomiko handiak. Honela, URArekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, Debabarrenean Deba eta Ego ibaiertzetan landare inbaditzaileak errotik kentzeko eta bertako landaretza berreskuratzeko ekimena jarri da abian. Orain arte, 15 kilometrotan burutu dira lanak.
– Ibai Lagun. Deba ibaiaren aldeko boluntarioen sarea osatzea du helburu egitasmo honek. Martxan jarri diren ekintzen artean daude:
- Deba ibaia auzolanean garbitzeko lan-saioak. 2011an egin ziren lehen jardunaldiak eta 100 lagunetik gora biltzea lortu zen. Aurten Deba, Soraluzen, Mutrikun eta Elgoibarren burutu dira garbiketak.
- Espezie inbaditzaileen identifikazioa: 2011an abiatu zen kanpaina hau, herritarrek ere landare inbaditzaileak identifikatzen laguntzeko.
“Deba Ibaia Bizi Gura” epe luzerako asmo handiko programa da, gure ibaiak berreskuratzeko eta birsortzeko helburua duena eta, aldi berean, Debabarreneko herritarren bizi kalitatea hobetzea.
Elgoibarko EMUGI proiektua ere sarituen artean
Elgoibarrek ere saria jaso du Klima-aldaketa kategorian, pertsonen zein merkantzien mugikortasun jasangarria sustatzea helburu duen Emugi proiektuari esker.
Debabarrena eta Elgoibarko herriaz gainera, hauek izan dira irabazleak: Legazpi eta Zumarraga, jasangarritasunerako hezkuntza eta ekoberrikuntza kategorietan, hurrenez hurren, eta beste hautagai kolektibo bat: Nerbioi Ibaizabal (Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Orozko, Orduña, Ugao-Miraballes, Zaratamo eta Zeberio) jasangarritasun integrala kategorian.
Sariak azaroaren 21ean Donostiako Kursaal Jauregian egingo den ekitaldian banatuko dira, Euskal udalerrien Tokiko Agenda 21en 9. Jardunaldian. Ekitaldi honetan 3.000 euroko 5 sari banatuko dira, kategoria bakoitzeko irabazleari bana.