Gipuzkoako Foru Aldundia Debabarrenean landare inbaditzaileak errotik kentzeko lanetan ari da egunotan
Deba Ibaia Bizigura programaren baitan, Debabarrenean Deba eta Ego ibaiak berreskuratzea eta balioan jartzea helburu duen egitasmoa -Udalsarea 21 Sarietan irabazleetako bat-, hainbat jarduera jarri ditu abian Debegesa garapen agentziak. Horien artean dago ibaiertzetako landare inbaditzaileak errotik kentzeko eta bertako landaretza berreskuratzeko ekimena.
Hain zuzen, Gipuzkoako Foru Aldundia da Debabarrenean garbitze-lan hori egiten ari dena. Aste honetan Eibarren eta Elgoibarren jardun ostean, gaur Aldundiko langileak Mendaron eta Deban dabiltza lanean, landare inbaditzaileen aurkako borrokan.
Gipuzkoako Foru Aldundiak iaz ekin zion landare inbaditzaileen aurkako borrokari Debabarreneko eskualdean. Emaitzak ikusteko, ordea, jarraipen bat egitea ezinbestekoa da, epe luzerako helburua baita.
Deba eta Ego ibaiertzetan egin den garbiketaz gainera, ezinbestekoa da ibaietatik kanpo dauden aleak ere deuseztea eta horretarako Debegesak herritarren laguntza eskatu du, mendi inguruneetan egon litezkeen espezie inbaditzaileak identifikatzen laguntzeko, alegia.
Geure artean landare inbaditzaile ohikoenak eta kalte gehien eragiten dutenak Reynutria, Buddleja eta Cortaderia dira. Hauen gainean gehiago jakiteko gida bat argitaratu du Debegesak webgunean: DEBA ETA EGO IBAIETAKO LANDARE INBADITZAILEEI BURUZKO GIDA .
Inork landare inbaditzaile hauetako bat ikusiko balu, debaibaia@debegesa.com helbidera idatziz jakinaraztea eskatzen da.