Burdinolen Ibilbidea eta Paleolitoko Ibilbidea, abenduko zubirako
Debabarreneko herritarrei zein zubia igarotzera Debabarrenera hurbilduko diren kanpoko bisitariei zuzenduta, bi irteera interesgarri antolatu dira datorren abenduko zubirako, hala nola, Burdinolen Ibilbidea eta Paleolitoko Ibilbidea.
Bi ibilbideak Debegesa Garapen Agentziak eta Debanatura Elkarteak elkarlanean abiatutako “Arbasoen Deia” egitasmoaren baitan kokatzen dira. Bisita programa honen helburua Debabarreneko historia eta kultur ondarea ezagutzera ematea da, Debabarreneko eskualdearen iraganean eta tradizioetan sakonduz.
Abenduaren 6an, ostegunean, egingo da lehen irteera: Burdinolen Ibilbidea. Elgoibarko Toletxegain geltokitik abiatuta, Makina Erremintaren Museoan egingo da lehen geldialdia, Debabarreneko industria eta makina erremintaren kulturan murgiltzeko proposamen interesgarria. Hura bisitatu ostean, trenez abiatuko dira bisitariak Mendarora eta han, oinez, ibilbide labur eta erraza egingo dute Kilimoi bailaran barrena, burdinola, karobi eta bide zaharren aztarnak jarraituz. Hain zuzen, historikoki eta etnografikoki Debabarrenean bailara honek duen garrantziaren adierazle dira elementu hauek. Ibilbidea amaitzeko hasiera puntura itzuliko dira bisitariak trenez.
Goizeko 10:00etan abiatuko da taldea, Elgoibarko Toletxegain tren geltokitik. Arropa eta oinetako erosoak eramatea gomendatzen da eta hamaiketakoa norbere esku egongo da.
Bigarren hitzordua, Paleolitoko Ibilbidea, larunbatean egingo da, abenduaren 8an. Ibilbide hau egiteko aukera bakarra izango da, gainera. Historiaurrera eta gure arbasoen kobazuloetako bizipenetara bidaia interesgarria izango da. Paleolitoko margoen pista jarraituz, Ibilbide honetan duela 200.000 urte arteko labar pinturak aurkitu diren kobazuloak bisitatuko dira. Euskal Herrian aurkitutako labar pinturarik zaharrenak ezkutatzen dituen Astigarraga kobazulora gerturako dira lehenbizi bisitariak (Deba) eta, ondoren, Ekaingo kobazuloa ikusi eta bere erreplika bisitatuko dute Zestoan, Ekainberri (bisita hau gazteleraz izango da).
Paleolitoko Ibilbidea oinez eta autobusez egingo da. Goizeko 10:00etan abiatuko da taldea, Debako autobus geltokitik. Itzulera Debara 14:30erako dago aurreikusita. Arropa eta oinetako erosoak eramatea gomendatzen da eta hamaiketakoa norbere esku egongo da.
Bi ibilbideak gida-interprete baten azalpenek lagunduta egingo dira. Aipatzekoa da, bata zein bestea haurrek egiteko modukoak direla. Gainera, jolas dibertigarri batean parte hartzeko aukera eskainiko zaie, irteera erakargarriagoa egiteko.
Erreserbak aldez aurretik egitea komeni da, 943 19 11 72 / 695 78 36 56 telefonoetara deituz edo debanatura@hotmail.com helbidera idatziz. Baita Deba eta Mutrikuko turismo bulegoetan. Informazio gehiago: www.debabarrenaturismo.com web orrian.