IKT-en erabileraren gaineko ikastaro praktikoa antolatu du Debegesak Debabarreneko enpresa txiki eta autonomoei zuzenduta

2013-01-08 Iruzkinik ez

Debegesa Garapen Agentziak, egun merkatuetan lehiatu ahal izateko IKTen erabileraren garrantziaz jabetuta eta eskualdeko enpresen lehiakortasun-posizioa hobetze bidean abian dituen ekimenen baitan, teknologia berriei buruzko ikastaro praktikoa antolatu du eskualdeko enpresa txikiei eta autonomoei zuzenduta, datorren urtarrilaren 14rako eta 21erako.

Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako eta Lehiakortasunerako Sailak bultzatu du egitasmoa, SPRIren Berrikuntza eta Teknologia arloaren bitartez, Debegesa Garapen Agentziarekin batera, eta honi esker eskualdeko autonomo eta 10 enplegatu baino gutxiagoko enpresek euren negozioetan 2.0 tresnak erabiltzen ikasiko dute.

Parte-hartzaileek IKTei buruzko aholkularitza jasoko dute doan eta lan-saioak lagungarri izango zaie euren negozioak interneten kokatzeko, bezeroak eta salmentak handitzeko, denbora aurrezteko, kostuak gutxitzeko eta euren negozioen kudeaketa hobetzeko.

Ikastaroa doakoa da eta Eibarko KZ Gunean eskainiko da –Bista Eder 10 (Portalea)- bi egunez, urtarrilaren 14an eta 21ean, 14:00etatik 16:00etara.

Parte hartzeko interesa dutenek izena eman behar dute ekintzaile@debegesa.com helbidera idatziz edo 943 82 01 10 (Vanesa Hortas) telefono zenbakira deituz.