Eibarko Mogel Isasi ikastetxeak “Eskola Jasangarria” bandera du dagoeneko
Eibarko Mogel Isasi ikastetxeko ikasle, irakasle eta gurasoek azken 10 urteetan dihardute buru-belarri Eskolako Agenda 21 egitasmoa lantzen, ikasleen artean jasangarritasunaren aldeko heziketa bultzatzen, Ingurugela eta Debegesa Garapen Agentziaren laguntzarekin. Besteak beste, urte hauetan guztietan honako gai hauek landu dituzte: hondakinak, ura, Deba ibaia, energia, klima aldaketa, kontsumo iraunkorra eta mugikortasuna.
Lan horrek guztiak izan du emaitza. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Ingurumen Sailek Eskolako Agenda 21 programa era bikain batean garatzeagatik Eskola Jasangarriaren Ziurtagiria eta horren erakusgarri den bandera zuria eman dizkio Eibarko Mogel Isasi ikastetxeari.
Gaur goizean Mogel Isasi ikastetxean ekitaldia burutu da eta bertan izan dira Eibarko Alkate Miguel de los Toyos eta Debegesako Zuzendari Juan Angel Balbas.