Ekintzaileen Legeari buruzko eztabaida, abenduaren 19an Portalean
Debegesa Garapen Agentziak, Debabarrenean enpresa-proiektu berrien dinamizatzaile eta sustatzaile gisa, Eibarko Udalarekin elkarlanean, eztabaida irekia antolatu du datorren ostegunerako, hilak 19, Ekintzaileen Legearen berritasun nagusiak aztertzeko eta ezagutzera emateko.
Pasa den irailaren 28an onetsi zuten Ekintzaileen Legea, ekintzailetza suspertu eta enpresa-egitasmo berriak bultzatze aldera. Alabaina, Legeak kritika eta aurkako iritzi ugari jaso ditu. Jasotzen dituen berritasunen artean daude, besteak beste, autonomoen kuotan hobariak, BEZ-aren aplikazioa kutxa irizpidearekin eta erantzukizun mugatuko autonomoaren sorrera.
Osteguneko ekimen hau eskualdeko ekintzaileei eta ekintzailetzarekin lotutako agente guztiei dago zuzenduta. Bertan Ekintzaileen Legeak ekintzaileentzat ekar ditzakeen onurak emango dira ezagutzera.
Honela, Ibai Larrinaga Torrealday Aholkularitzako aholkulariak hitzaldia eskainiko du Ekintzaileen Legearen berritasunak azaltzeko. Ondoren, eztabaidari emango zaio hasiera. Amaitzerakoan, luntxa eskainiko zaie parte-hartzaileei.
Ekimena Portalean egingo da, Eibarren, 12:00etatik 14:00etara. Interesa dutenek izena eman dezakete www.debegesa.com webgunearen bitartez, ekintzaile@debegesa.com helbidera idatziz edota 943 82 01 10 telefonora deituz.