Debegesak BERREKIN egitasmoa sendotu eta indartu du, doako aholkularitza juridikoa eskainiz
Enpresen sorrera bultzatzea garrantzizkoa den bezala, ezinbestekoa da, era berean, enpresen desagertzea ekiditea. Honela, Debegesako Berrikuntza eta Enpresa Sailak 2014an indartuko duen ekimenetako bat Berrekin deritzona izango da, enpresen transmisioa erraztea helburu duen egitasmoa.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker, Berrekin ekimenaren bitartez negozio baten salerosketan interesa dutenek -euren jarduera transmititzeko interesa duten enpresa txiki eta ertainak zein enpresa-jarduera bati ekin nahi dioten ekintzaileak- aholkularitza juridikoa jaso ahal izango dute dohainik, besteak beste, honako zereginetarako: negozioaren balorazio objektiboa, bideragarritasun analisia, lan-, merkataritza- eta aholkularitza fiskala, etb. Helburua da enpresen transmisioa modu ordenatu eta planifikatuan egitea, proiektuaren jarraipena eta garapena ziurtatze aldera.
Debegesak egitasmo hau jarri du abian helburu nagusi batekin, gure eskualdean enpresen desagertzea ekiditea ekonomikoak ez diren arrazoiengatik, erretiroa esaterako, eta aldi berean, ekintzaileei bideragarriak diren proiektuak eskura jartzea, arrakastarako aukerak handituz.
Informazio gehiago edota ekimenean parte hartu nahi dutenak Debegesarekin harremanetan jar daitezke ekintzaile@debegesa.com helbidera idatziz edo 943 82 01 10 telefonora deituz.