Eibarko pertsona ekintzaileentzako programa-eskaintza zabala osatu dute Eibarko Udalak eta Debegesak
HELDU, EHUNDU eta MAKE IN! ekintzailetza programak ezagutzera emateko triptiko bat egin dute. Programa hauen bidez, pertsona ekintzaileei lagundu nahi zaie negozioaren garapen-fase bakoitzean: prestakuntza espezializatua, proiektu bakoitzerako aholkularitza pertsonalizatua, enpresekiko harremana…
Eibarko Udalak eta Debegesak, Debabarreneko Garapen Agentziak, ibilbide oso bat diseinatu dute Eibarko pertsona ekintzaile guztiei laguntzeko. Horretarako, lankidetzan diseinatu dira HELDU eta EHUNDU izeneko programak, eta MAKE IN! eskualdeko programa gehitu zaio eskaintzari. Horietako bakoitza negozioaren garapenaren etapa bakoitzari dagokio.
Programak ezagutzera emateko, triptiko bat egin da HELDU!, EHUNDU eta MAKE IN! ekimen-programei buruzko informazioa emateko. Online hemen deskargatu daiteke eta dokumentu fisikoa sarbide publikoko guneetan, hala nola Pegoran, Portalean, liburutegian, lanbide-heziketako zentroan eta Debegesan. Eibarko Udalaren webgunean ere kontsulta daiteke triptikoa.
Programa hauen helburua Eibarren eta eskualdean ekintzailetza sustatzea da; eta, Jon Iraola alkateak adierazi duen bezala, “Udalak konpromiso sendoa du enpresa- eta ekonomia-ekosistema bat sortzeko, eta, horregatik, egunero dihardugu lanean pertsona ekintzaileen eskura proiektuak gauzatzeko bideak eta baliabideak jartzeko, horrela, Eibarko enpresa-sarea bera ere indartzea lortuko baita”.
“Debabarrena beti izan da pertsona eta enpresa ekintzaileen lurraldea. Hain gurea dugun espiritua berreskuratu eta pertsona ekintzaileei laguntzeko sare hori bultzatu nahi dugu, Eibarri hain emaitza onak eman dizkiona; beraz, ekintzailetzaren aldeko apustu sendoa egin nahi dugu jarduera ekonomikoa sortzeko iturri gisa” erantsi du Cristina Zumetak, Debegesako Berrikuntza, Ekintzailetza eta Enpresa Saileko arduradunak.
Programa bakoitzaren ezaugarriak
HELDU! programak sustatzaileen enpresa-ideia bitarteko eta profesional onenekin zehazten lagundu nahi du, ideia aztertu eta garatzeko. Proiektuari hasieratik bertatik laguntzen zaio, bideragarritasun-plana aztertzeko eta proiektua definitzeko laguntza eskainiz. Eibarko ekosistema ekintzailea bultzatzea da xedea, enpresa-jarduera berritzaileen bidez. Horregatik, programa honetan parte hartzen duten pertsonek beren enpresa-jarduera udalerrian garatzeko interesa izan beharko dute.
EHUNDUk, berriz, enpresa sortu aurretik enpresa-proiektu bakoitzak dituen eremu kritikoetan adituen laguntza teknikoa eskaintzen die ekintzaileei. Programa honetan, pertsonek ordu-poltsa bat izango dute beren proiekturako adituen aholkularitza pertsonalizatua jasotzeko eta inguruko enpresekin alderatzeko. Baldintzetako bat da enpresa-jarduera Eibarren garatzeko interesa izatea. Programa hau negozio-plan bat edo bideragarritasun-plan bat duten pertsona ekintzaileei zuzenduta dago, osagai berritzailea garatuta eduki arren, konpondu gabeko behar espezifikoak dituzten planak dituzten berritzaileei zuzendua, alegia.
MAKE IN! bigarren edizioa bete berri duen eskualdeko programa dugu; merkatuarekin konektatu beharra duten industriari lotutako enpresa-ekimen edo startupentzako azelerazio-programa bat da. Debabarreneko industria-lehiakortasuna sustatzea da helburu nagusia, eskualdera proiektu berritzaileak erakarriz. Berariazko prestakuntzaz, aholkularitza espezializatuaz eta jagoletzaz gain, programa honek harreman zuzena eskaintzen du Debabarreneko industria-enpresekin. Aipatu diren azken bi esparru horiek —adituen aholkularitza eta jagoletza edo mentoretza— BPTD Enpresa Elkartearekin lankidetzan garatzen dira.
HELDU! programaren edizio berrian parte hartu nahi dutenek uztailaren 3tik 24ra bitarte eman dezakete izena hemen. EHUNDU programarako izenak ere eman daitezke, urte osoan zabalik egoten baita izena emateko epea. Horiexek dira Eibarko Udalak osorik finantzatutako programa biak. MAKE IN! programa oraintxe amaitu da; martxoan ireki zen eskualdeko udal guztiek finantzatzen duten egitasmo honetan parte hartzeko deialdia, eta III. edizioa 2024ko lehen hiruhilekotik aurrera egingo da. “Debegesan proiektu bakoitzaren egoeraren arabera zein programa dagokien hobekien aholkatzen diegu” dio Cristina Zumetak.