Batxilergoko 1. mailako ikasleek egonaldiak egiten dituzte Debabarreneko industria-enpresetan, beren etorkizun profesionala lanpostu teknikoei buruzko ezagutzarekin aukera dezaten
- Debegesak abian jarri duen proiektu pilotua da, eta industria-enpresen errealitatea ikasleengana hurbildu nahi du, profil teknikoko lanpostuak ezagututa beren etorkizun profesionala aukera dezaten.
- Elgoibar BHI institutuko sei ikaslek hartu dute parte programan, eta IDEKO, Sariki, ABC, Danobat eta SORALUCE enpresak bisitatu dituzte.
Debegesa, Debabarreneko Garapen Agentziak, proiektu pilotu bat jarri du abian Debabarrenean errealitate industriala eta STEAM diziplinak eskualdeko ikasleei hurbiltzeko. Zehazki, Elgoibar BHI institutuko Batxilergo Teknologikoko 1. mailako sei ikaslek hartu dute parte ekimenean, eta bost industria-enpresa eta teknologia-zentro bisitatu dituzte: IDEKO, Sariki, ABC, Danobat eta SORALUCE.
Ekimen honen helburua estereotipoak apurtzea da, goiz batean erakundearen jarduerak eta egiten diren lan teknikoak erakutsiz. Bisitaldi bakoitzean, profil teknikoa duen emakume batek egin die bisita, sektorean emakumezko erreferenteak erakusteko; bere lanpostua zertan datzan azaldu du, enpresako sailei lagundu die errealitate industrialari buruzko ikuspegi orokorragoa izateko eta betetzen dituzten eginkizunen eta zereginen berri izateko, eta lanbide-profil hori garatzeko zer prestakuntza beharko lukeen azaldu zaie ikasleei.
“Helburua da neskek etorkizuneko aukera profesionala STEAMekin zerikusia duten lanpostuen ezagutzatik abiatuta egitea, eta, gainera, sektoreko emakume profesionalen eskutik, emakumezko erreferenteak izateko” azaldu du Elena Alonsok, Debegesako Enplegu eta Gizarte Berrikuntza Saileko arduradunak. STEMen esparruan emakumeen eredu eta erreferenterik eza da industrian ia emakumerik ez egotearen arrazoietako bat” gehitu du.
Industrian emakumeen presentzia giza eskubideen kontua ez ezik, lehiakortasuna eta ekonomiaren indarberritzea bermatzeko funtsezkoa ere bada. Emakumeak euskal industriako lanpostuen %20 baino ez dira eta sektorea funtsezkoa da erkidego honetan, baina oso maskulinizatua dago. Debegesaren helburuetako bat da genero-estereotipoak desagerraraztea, gazteek karrera teknikoak ikastea eta sektore horietan emakumeak ikusaraztea.
“Enpresak borondate osoz hartu dute parte proba pilotu honetan eta oso pozik gaude erantzunarekin eta lortutako emaitzekin. Neskak pozik daude bisitarekin, eta lanpostu bakoitzean egiten diren lanen ideia errealagoa egin ahal izan dute” dio Alonsok. Orain, emaitzen balorazioa egingo da DEBABARRENEKO STEAM FOROAN parte hartzen duten erakundeekin batera eta eskualdeko beste ikastetxe batzuetara hedatzeari buruzko erabakia hartuko da. Proiektu hau Gipuzkoako Foru Aldundiak kofinantzatu du, Eskualdeak programaren bidez.