Ekintzailetza sustatzeko tailerra egingo da ekainean Soraluzen

2014-05-30 Iruzkinik ez

Soraluzeko Udalak Debegesa garapen agentziaren laguntzarekin antolatuta, doako tailer bat egingo da ekainean Soraluzen, gaitasun ekintzailea duten herritarrei zuzenduta. Datorren ekainaren 9an hasi eta ekainaren 18ra arte luzatuko da.

‘Soraluze Ekinean’ izenburupean, egitasmo honekin autoenplegua sustatu nahi da herrian, ideia berrien sorrera bultzatu eta ekiteko pausoak eskaini. Tailerra guztiz doakoa da eta hurrengo egunetan emango da: ekainak 9, 11, 13, 16 eta 18, goizez, 9:30etik 13:30era. Ikastaroa Debegesako teknikariek eskainiko dute.

Sei saiotan, ekintzaileei bidea erakustea eta ideia bat daukatenetik martxan jartzeko prozesuan beharrezkoak dituzten tresnak eta ezagutza euren esku jartzea izango da helburua.

Parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman behar dute 943 82 01 10 telefonora deituz (Vanesa Hortas), edota ekintzaile@debegesa.com helbidera idatziz. Plaza mugatuak daude.