Debegesak eta Sabadell Bankuak ekintzaileei laguntzeko lankidetza-hitzarmena sinatu dute

2014-07-17 Iruzkinik ez

Debegesa eskualdeko garapen agentziak eta Sabadell Bankuak lankidetza-hitzarmena sinatu dute Debabarreneko ekintzaileek euren proiektuak edota enpresa-jarduerak garatzeko finantzazioa lor dezaten, lehentasunezko baldintzetan, Sabadell Bankuaren BStartup programaren bitartez. Akordioa gaur sinatu dute Debegesaren egoitzan bertako Zuzendariak, Juan Angel Balbasek, eta Sabadell Bankuko Gipuzkoa Mendebaldeko Zuzendariak, Joaquín Arambarrik.

Lankidetza-hitzarmen honen onuradunak Debegesak lagundutako ekintzaileak izango dira. Horretarako, garapen agentziako teknikariek egindako aldeko bideragarritasun txostena izan behar dute eta Sabadell Bankura jo, hitzarmen honetan jasotzen den finantza-produkturen bat kontratatzeko, hala nola, finantzazioa erraztera eta enpresa berrien sustapenera bideratuta dagoen BStartup programa.

Bi aldeek ekintzailetza eta enpresa berrien sorrera sustatzearen aldeko konpromisoaren baitan kokatzen da akordioa. Urtebeteko iraupena du, luza daitekeena.

Abantaila hauen guztien gaineko informazio zehatza jaso nahi duenak Debegesara dei dezake, 943 82 01 10 telefonora, edo ekintzaile@debegesa.com helbidera idatzi.