Gure Balioak Sariaren epaimahaia elkartuko da gaur saritua nor izango den erabakitzeko

2014-10-01 Iruzkinik ez

Gure Balioak Sariaren bosgarren edizioa abian da. Debabarreneko eskualdean gizarte balioen arloan egindako lanagatik eredugarri den pertsona edo erakundea nabarmentzea eta saritzea du helburu egitasmoak. Debegesa Garapen Agentzia da Sariaren sustatzaile eta kudeatzaile nagusia, Herritarren Foroak lagunduta.

Hautagaitzak aurkezteko epea ekainean zabaldu zen, herritar orori zuzenduta, eta hainbat hautagaitza jaso dira. Horien guztien artean bat aukeratuko du epaimahaiak. Hain zuzen, bihar arratsaldean, urriak 1, egingo du batzarra Debegesaren egoitzan 8 lagunez osatutako epaimahaiak, saria nori eman eztabaidatu eta erabakia hartzeko.

Sari banaketa ekitaldia, berriz, azaroaren 5ean egingo da, Mutrikun.

Epaimahaia osatzen duten 8 kideak Debabarrenekoak dira, edo lotura estua dute eskualdearekin, eta enpresa, kultura eta gizarte arloetan dihardute:

  1. Carmelo Urdangarin, Gure Balioak Saria 2013
  2. Juan Angel Balbas, Debegesako zuzendari nagusia
  3. Jesus Mari Astigarraga, Herritarren Foroko kidea
  4. Odile Kruzeta, EITBko irratien zuzendaria
  5. Begoña Mugerza: Elgoibarko zaharren egoitzako zuzendaria
  6. Jesus Gutierrez, Historialaria
  7. Jordi Gorritxategi, IZARRA Fundazioko zuzendaria
  8. Imanol Ulacia: EHUko ikertzailea, ekintzailetza gaietan aditua

 

Gure Balioak, saridunak

2010ean, lehendabiziko edizioan, Mª Tere Ganchegui eibartarrak eskuratu zuen errekonozimendua, gizarte balioen arloan egindako ibilbide mardulagatik; 2011an, Gemma Agirregomezkorta elgoibartarrari eman zitzaion Saria, laguntza sozialaren alorrean egindako lan eskuzabal eta handiarengatik. 2012an, Jesus Bilbaok jaso zuen saria, enpresaren alorrean batik bat egindako lana eta ekarpena goraipatuz. Iaz, Carmelo Urdangarin saritu zuen epaimahaiak, debarraren lankidetzarako gaitasuna azpimarratuz.

Debegesa Garapen Agentzia lantzen ari den Gure Balioak proiektuaren baitan kokatu behar dugu sari hau. Proiektu honek eskualdearen garapen jasangarria lortzeko beharrezko diren gizarte balioak sustatzea du helburu nagusi.

Gure Balioak sariaren irabazleak Juan Luis Baroja Collet artistaren brontzezko eskultura jasoko du. Entzute handiko artista, Baroja Collet Debako Eskulangintzarako Irakaskuntza Zentroko kidea da.