Ibai Lagun Soraluzen
Ibai lagun 2011. urtean Debabarreneko eskualdean jaio zen sentsibilizazio egitasmoa da. Gure eskualdeko ibaiak azken mendean oso zikinak ikusi ohi izan ditugu eta dagoeneko egoera honetara ohitu gara, askotan ibaiei bizkarra emanez. Ibaietan hondakinak eta mota guztietako zaborra pilatzen da, hein handi batean, gizakion arduragabekeriagatik. Hori dela eta, ibaiaren ingurumen-balioa zaindu eta mantentzeko sentsibilizazio-lana egitea du helburu ekimen honek, ibai eta errekak garbi mantentzea gure esku dagoela ohartaraziz, besteak beste.
Hitzordua bihar izango da, larunbata, Soraluzen. Goizeko 10:00etan Deba ibaiaren garbiketa burutuko dugu auzolanean. Arropa erosoa eta zapata egokiak eramatea gomendatzen da. Garbiketarako beharrezko diren eskularruak, zabor-poltsak, guraizeak… antolatzaileek eramango dituzte.
10:00etan, aurkezpena egin ostean, hasiko da garbiketa Plaza Zaharretik Gaztetxe aldera eta Ezoziko Amaren Etorbideko rotondara arte. Ordu eta erdiz garbitze-lanak egin ondoren, hondakinak pilatu eta Plaza Zaharrera eramango dira. Ibaitik ateratako zakar eta hondakinak plazan utziko dira gainerako herritarrek zenbat zabor jaso den ikus dezaten.
Bestalde, Soraluze Zero Zabor taldeak sentsibilizazio tailer bat antolatuko du haur zein nagusientzat, hondakinen jatorriaz eta birziklapenaz.
Goizari amaiera borobila emateko, eta Ibai Lagun egunean parte hartu duten guztiei eskerrak emateko asmoz, 12:30etan Txoko kafetegian luntxa eskainiko da.
Honenbestez, ekintzaz beteriko egun honetan parte hartzeko deia luzatzen zaie herritarrei, haur, gazte zein helduei.
Horretarako, ibaia garbitzeko boluntario izan nahi baduzue inskripzioak egunean bertan egingo dira, goizeko 10:00etan Plaza Zaharrean.
Egitaraua
10:00.- Plaza Zaharrean irteera
- Inskripzioak egin, eguneko dinamikaren azalpena, material banaketa.
- Antolatzaileek ibaiaren garbiketarako beharrezko materiala banatuko dute (guanteak, orgatilak, poltsak…)
- Parte-hartzaileek, arropa eta oinetako egokiak ekarri behar dituzte
10:10.- Aurkezpena
10:20.- Ibaia garbitzeko jardunaldia
12:00.- Hondakinen pilaketa eta sailkapena
- Sentsibilizazio tailerrak egongo dira ume zein nagusientzat, Soraluze Zero Zabor taldeak antolatuta.
12:30.- Luntxa