Sabin Osorok jasoko du GURE BALIOAK Saria 2014 ekintzailetasun sozialaren arloan egindako lanarengatik
Sabin Osoro elgoibartarrarentzat izango da aurten Gure Balioak Saria, Debabarreneko eskualdean, eta batez ere bere herrian, Elgoibarren, enpresa zein gizarte arloko hamaika ekimen sortzen laguntzeagatik eta sustatzeagatik.
Epaimahaiak gehiengoz erabaki du saria Sabin Osorori ematea, ekintzailetasun sozialaren eta enpresaren alorrean egindako lan mardularengatik. Epaimahaiak, bereziki, nabarmendu nahi izan du “bere izaera bisionarioa, bere garairako aurreratua, eta bai herrigintzan eta bai enpresa munduan ere hamaika ekimenen eragile edo sortzaile izan da”. Era berean, epaimahaiak kontuan izan du Sabin Osororen izaera nekaezina eta adoretsua, bizitza osoan buru belarri lanean jardundakoa, eta beti protagonismoari izkin eginez.
Gure Balioak Saria
Sabin Osoro Gure Balioak saria jasotzen duen bosgarren pertsona da 2010ean eratu zenetik Debegesa Garapen Agentziak sustatuta. Sari honek Debabarrenean gizarte balioen arloan egindako lanagatik eredugarri den pertsona edo erakundea nabarmentzea eta saritzea du helburu. Debabarrenean bereizgarriak eta azpimarragarriak diren gizarte balioak dira ekintzailetza, kolaborazioa-lankidetza, errespetua eta integritatea.
Sari banaketa ekitaldia, azaroaren 5ean Mutrikun
Sari banaketa ekitaldia datorren azaroaren 5ean egingo da, asteazkenean, Mutrikuko Udaletxean, arratsaldeko 18:30etik aurrera. Sabin Osorok errekonozimendua jasoko du, Juan Luis Baroja Collet artistaren brontzezko eskultura, Carmelo Urdangarinen eskutik. Urdangarinek iaz jaso zuen sari hauxe bera.
Ekitaldian Javier Elzo soziologoak hitzaldia eskainiko du “Ziurgabetasun handiko garaietarako balioak” izenburupean.
Luntx batekin emango zaio amaiera ekitaldiari.
Ekitaldian parte hartu nahi dutenek, aurrez izena eman dezakete tokia gordetzeko 943 82 01 10 telefonora deituz edo balioak@debegesa.com helbidera idatziz.
- SABIN OSORO UNZUETA (Elgoibar, 1922)
Sabin Osororen curriculum pertsonal-profesionala Debabarrenean eta bereziki bere herrian, Elgoibarren, ezagun diren gizarte eta enpresa arloko ekimenei lotua egon da beti.
Jatorrizko Danobat enpresaren sortzaileetako bat izan zen eta kooperatiba-aurreko egitura sozietarioaren ideologoa; enpresa kooperatiba bihurtu zenean Batzar Nagusiko presidente izendatu zuten.
Halaber, Eguzki eta Goiti enpresen sorkuntzan parte hartu zuen.
Bestalde, Ongarri Kultur Elkartearen sortzailea izan zen (1959), kultur arloan Elgoibarren funtzio garrantzitsua betez, desagertu zen arte, eta Elgoibarko Izarra kultur elkartearen sortzaileetako bat ere izan zen (1963), euskara eta euskal kulturaren alde lan egiteko helburuarekin.
La Elgoibarresa kontsumo kooperatiba eratu eta sustatu zuen, gero Eroskin integratu zena.
Elgoibarko Ikastolaren sorreran ere berebiziko garrantzia izan zuen, pertsonalki lagunduz eta finantzazioa lortzeko ideiak landuz eta proposatuz.
IZPI, elbarriei zuzendutako lantegiaren sorreran ere lagundu zuen, eta estuki lan egin zuen DEE – Drogak Eragindakoen Elkartearekin.