“Instalazio fotovoltaikoa auzokideen erkidegotan” eskuliburuaren saio inforbatiboa antolatu du Debegesak datorren asteazkenerako, hilak 20

Aurkezpena Debegesan bertan izango da arratsaldeko 18etan eta bizilagunei, finka administratzaileei, udal teknikariei, edota interesa izan dezakeen edonori dago zuzendua.

Debegesak “Instalazio fotovoltaikoa auzokideen erkidegotan” gidaliburua sortu du eta hau aurkezteko informazio saio bat antolatu du datorren asteazkenerako, hilak 20 arratsaldeko 18etan Debegesan bertan. Saioak ordubeteko iraupena izango du eta energia berriztagarriak eta autokontsumoa herritarrei, nagusiki auzokideen erkidegoetan bizi direnei, hurbiltzea du helburu. Hori horrela, aurkezpena bizilagunenei, finka administratzaileei, udal teknikariei, edota interesa izan dezakeen edonori dago zuzendua. Eskuliburuan panel fotovoltaikoak instalatzeko jarduketak fasez fase deskribatuta daude, interesa duen erabiltzaileari ahalik eta gehien laguntzeko.

Energiaren erabilera efizientea, jatorri berriztagarriko energiaren sustapena eta energia-subiranotasuna dira egungo erronkak eta  “testuinguru horretan, autokontsumoa herritar guztiengana hurbiltzeko beharra antzeman dugu Debegesan. Autokontsumo-modalitateek gaitasun handia dute hura aplikatu nahi duten pertsonen ezaugarrietara eta beharretara egokitzeko. Horregatik, gida honen helburua da auzokideen erkidegoetan autokontsumo kolektiboa sustatzea, hura aplikatzeko jarraitu beharreko urratsak zehaztuz” nabarmendu du Aitziber Cortazarrek, Debegesako Garapen Jasangarriko arduradunak.

Antolatutako saio informatiboan liburuxkan agertzen diren puntuen inguruko azalpenak eta gakoak eskainiko dira gidaliburuan sorkuntzan parte hartu duten entitateen eskutik: Aitziber Cortazar, Debegesako Garapen Iraunkorreko arduraduna, Javier Zuazola, lekuko komunitate energetikoetan aditua eta Edinor enpresako zuzendari komertziala eta Sandra Arroyo, abokatua. Besteak beste, auzokideen erkidego bateko eguzki-instalazio fotovoltaiko batean kontuan hartu beharreko oinarrizko alderdi teknikoak azalduko dira, indarrean dauden laguntza eta dirulaguntzen inguruan hitz egingo da eta gida interpretatzeko gako juridikoak, tresnak eta funtsezko ondorioak aurkeztuko dira.  

Etortzeko asmoa duten pertsonek aldez aurretik izena eman beharko dute formulario honetan. Gainera, bertaratzen direnei eskuliburuaren kopia bat emango zaie.  Bestalde, aurkezpenaren ondoren, gida online eskuragarri jarriko da Debegesaren Energia Bulego Birtualean energia.debegesa.eus webgunean.

Egitaraua

18:00-18:10

Gidaren aurkezpena: helburuak, egitura eta eduki nagusiak. Aitziber Cortazar, Debegesako Garapen Jasangarria departamentuko arduraduna

18:10-18:25

Auzokideen erkidego bateko eguzki-instalazio fotovoltaiko batean kontuan hartu beharreko oinarrizko alderdi teknikoak. Javier Zuazola, zuzendari komertziala Edinorren

18:25-18:40

Gida interpretatzeko gako juridikoak, tresnak eta funtsezko gakoak. Sandra Arroyo, abokatua

18:40-18:50

Laguntzak eta dirulaguntzak, Aitziber Cortazar, Debegesako Garapen Jasangarria departamentuko arduraduna

18:50-19:00

Galde-eskeak