ABIAN, Debabarreneko II. Lanbide Heziketa Azoka martxoaren 11tik 13ra egingo da
Datorren martxoaren 11, 12 eta 13an egingo da Eibarren (Armeria Eskolako patioan) Debabarreneko II. Lanbide Heziketa Azoka, ABIAN, eskualdeko Lanbide Heziketako ikastetxeek – Armeria Eskola, IMH-Makina Erremintaren Institutua, Meka Lanbide Eskola, Mutrikuko Institutua, Uni Eibar Ermua eta Eibar eta Ermuko PCPIak – eta Debegesa Garapen Agentziak elkarlanean antolatuta.
Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak babestu dute ekimena eta, nabarmentzekoa da eskualdeko hainbat entitate eta enpresaren laguntza jaso duela baita ere, hala nola, Ermuko Izarra Fundazioa, IK4-Tekniker, Danobat Group, Etxe-Tar, Epc, Alfa, Correanayak, Grupo Egile, Agme, Alcorta, Urkotronik eta La Caixa. Enpresek bat egin dute azokarekin aurten eta lankidetza honek ondo erakusten du Lanbide Heziketaren eta enpresen arteko harreman zuzena eta kolaborazio-sarea.
MARTXOAREN 11TIK 13RA ZABALIK
Azokak asteazkenean irekiko ditu ateak, martxoaren 11an, eta hiru egunez egongo da zabalik, martxoaren 13ra bitartean. Lanbide Heziketako ikastetxe bakoitzak bere erakusleihoa izango du, bere ikasketa eskaintza osoa aurkezteko. Guztira, Debabarreneko Lanbide Heziketako ikastetxeetan 33 espezialitate desberdin eskaintzen dira eta aurtengo ikasturtean 1.471 ikasle daude matrikulatuta.
Debegesa Garapen Agentziak ere izango du bere erakusleihoa, ekintzailetzari dagokion informazioa eskaintzeko. Halaber, ABIAN azokarekin bat egin duten enpresa laguntzaileek ere informazioa eskainiko dute Debegesaren erakuslehioan, praktika programen edota kontratazioei buruzko informazioa, hain zuzen ere.
Jende guztiarentzat zabalik egongo da, eta sarrera doakoa izango da. Oso publiko heterogeneoa da gaur egun Lanbide Heziketako ikasketak egiten dituena, aurretik egindako ikasketak edota adinari erreparatzen badiogu. Honela bada, ABIAN azoka publiko zabalari zuzenduta dago: DBH eta Batxilergoko azken urteetako ikasleei, heziketa zikloetako erdi eta goi mailako azken urteetako ikasleei, gurasoei, heziketa zentroetako eta erakunde publiko nahiz pribatuetako irakasle, orientatzaile eta formatzaileei, ekintzaileei, enpresa eta erakundeei, langile aktibo eta langabeei eta, oro har, herritarrei, lanbide heziketan interesa duten guztiei.
EGITARAU ZABALA HIRU EGUNETAN
Hiru egunetan egitarau zabala osatu da eta hainbat hitzaldi eta tailer hartuko ditu azokak. Tailer horiek guztiak doakoak izango dira eta parte hartzeko interesa dutenek aurrez eman behar dute izena 943 82 01 10 telefonora deituz edo pymes@debegesa.com helbidera idatziz. Debegesaren webgunean, www.debegesa.eus, azokari buruzko informazio guztia kontsulta daiteke, baita egitarau osoa ere.
Egitaraua osatzerakoan, publiko edo hartzaile mota desberdinak kontuan hartu dira. Horrela, lehenengo eguna, ikasleei zuzenduta egongo da eta azpimarratzekoa da Pep Torres asmatzaile, ekintzaile eta irrati eta telebistako kolaboratzaileak eskainiko duen hitzaldia, 16:00etan, “THERE IS NO BOX: Berrikuntza eta sormena, merkatuaren joera berriak” izenekoa. Hitzaldi hau Izarra Fundazioak antolatu du.
Bigarren eguna, osteguna, langabeei eta gurasoei egongo da zuzenduta. Nabarmentzekoa da gurasoentzako IMH-Incress-ek eskainiko duen hitzaldia, 18:00etan, “Nola lortu gure seme-alabek erabakiak hartzeko orduan ardurak beregana ditzaten?” izenburupean.
Eta hirugarren eguna ekintzailetzari eskainiko zaio. Debegesako Enpresa-proiektu berrientzako zerbitzuko teknikari Vanesa Hortasek “Nola sortu zure negozio-ideia propioa?” tailerra eskainiko du, goizeko 9:00etan.
Azokako ordutegiari dagokionez, asteazkenean goizeko 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldez, 16:00etatik 19:00etara egongo da zabalik; ostegunean, hilak 12, goizeko 9:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara; eta ostiralean, hilak 13, goizez bakarrik, 9:00etatik 14:00etara.
DEBABARRENEKO IKASKETA ESKAINTZA EZAGUTZERA EMATEA HELBURU
Debabarreneko II. Lanbide Heziketa Azokak helburu bikoitza du. Batetik, eskualdeko ikasketa eskaintza zabala aurkeztea eta, bestetik, Lanbide Heziketa lan merkatuaren beharrizanei ondoen egokitutako ikasketa gisa nabarmentzea, Lanbide Heziketaren eta enpleguaren arteko lotura erakustea, alegia.
Helburu zehatzagoak hauexek dira:
- Topagune bihurtzea eta Lanbide Heziketaren alorrean eskualdean burutzen diren jarduera guztiak erakustea.
- Lanbide heziketaren gaineko informazioa gazteen esku jartzea, lanera sartzea erraztu asmoz.
- Langile aktiboei eta langabeei eskaintzaren berri ematea, egun duten lanpostua hobetzeko edota lanaren bilaketa errazteko.
- Herritarrei oro har Lanbide Heziketaren garrantziaz ohartaraztea, garapen sozioekonomikoaren giltzarri gisa.
IREKIERA EKITALDI OFIZIALA
Azokaren irekiera ekitaldia asteazkenean egingo da, hilak 11, goizeko 10:00etan. Bertan izango dira Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Lan Sailburuordea, Ricardo Barkala, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo Diputatua, Jon Peli Uriguen, eskualdeko udal ordezkariekin batera eta LHko ikastetxeetako zuzendariekin batera.
Irekiera ofizialaren ostean, 11:00etan, Armeria Eskolako areto gelan, mahai-ingurua egingo da “LH, enplegua helburu” izenburupean. Mahai-ingurua irekia izango da eta herritar oro dago gonbidatuta. Hizlari arituko dira:
- Ricardo Barkala. Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Lan Sailburuordea
- Ramon Martinez de Murguia. Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaria
- Jon Peli Uriguen. Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo Diputatua
- Patricia Tames. Invema-AFM-ko Zuzendariaren ondokoa
- Eneko Astigarraga. Codesyntax enpresako gerentea
- Begoña Gutierrez. Eibarko Ego Gain Gerontologia Zentroko Zuzendaria
- Patxi Samaniego. Etxe-Tar enpresako Berrikuntza Zuzendaria
[Informazio gehiago eta egitarau osoa]