Debabarrenak 2023-2026 urteetarako Ekintzailetzako Plan Estrategiko berria du

2023-11-29

Plan honen helburua da estrategia bat diseinatzea eta gauzatzea, Debabarreneko Ekintzailetza Foroarekin lankidentzan sortua, Debabarrena ekintzailetza berritzailean erreferente izan dadin.

Debabarreneko Administrazio Kontseiluak joan den maiatzan onartutako 2023-2030 Debabarreneko Plan Estrategikoan deskribatzen den bezala, ekintzailetza Debabarreneko ardatz estrategikoetako bat da. Hori kontuan hartuta, Debegesan eta eskualdeko Ekintzailetza Foroarekin lankidetzan, orain erabaki da Debabarreneko Ekintzailetza Plan Estrategikoa diseinatzea, dauden baliabideak batu eta ekintzailetza berritzailean eskualdeko erreferente izateko ezarritako helburuak eta estrategia argi eta garbi definitzeko.

Debabarrenak tradizio industrial handia eta espiritu ekintzaile nabamena ditu. 50-70eko hamarkadetan, garapen industrial oso handia izan zen, batez ere metalaren eraldaketara zuzendutako enpresa txikiei esker.

“Azken urteetan hainbat ekintza egin dira ekintzailetzarekin lotuta, baina orain arte ez da egon eskualdeko estrategiarik, ezta hura ezartzeko plan partekaturik ere”, azaldu du Cristina Zumetak, Debegesako Berrikuntza, Ekintzailetza eta Enpresa Saileko arduradunak. “Debegesatik, eskualdeko udalekin lankidetzan, jarduera ekonomikoa eta kalitatezko enplegua sortzen lagunduko duten ekintzailetza-ekimen berriak garatzen ari gara, baina epe ertain-luzerako ibilbide-orri bat lankidetzan diseinatu behar genuela uste genuen” gehitu du.

Horregatik sortu da Debabarreneko Ekintzailetza Plana, Ekintzailetza Foroarekin diseinatu dena. Ekintzailetza Foroaren parte dira hurrengo erakundeak: Eibarko Udala, Ermuko Udala, Mutrikuko Udala, BIC Gipuzkoa, Meka Lanbide Eskola, Elgoibarko Udala, Mutrikuko Institutua, IMH Campus, Armeria Eskola, Uni Eibar Ermua, Kardala eta Debegesa.

Debabarrena, eskualde ekintzaile eta berritzailea

Debabarreneko Ekintzailetza Plana eskualdeko behar eta interes nagusiei erantzuteko bost ildo estrategikok edo zeharkako erronkek osatzen dute, eskualdearen interesen eta gaitasunen arabera lehenetsitako hiru jarduera-gunez gain. Zehazki, honako ildo estrategiko hauek landuko dira: eskualde ekintzaile gisa posizionatzea, dibulgazioa eta sentsibilizazioa, talentu ekintzailea erakartzea, ekintzailetzaren jasangarritasuna eta barne-ekintzailetza.

Plan osoa eta ildo estrategikoko ekintzen helburuen hedapena eskuragarri daude Debegesaren webgunean (Enpresa berriak sortzen laguntzeko zerbitzua – Debegesa).