Itsasoz lehen bidaiariak Debara iritsi dira
Bidaiariz betetako lehendabiziko itsasontzi turistikoa gaur iritsi da Debara. 13:30ean lehorreratu dira bisitariak Debako pantalan berrian. Bidaiariak Zumaian ontziratu dira 12:30ean eta ordubeteko zeharkaldia egin dute Debaraino itsasoz, Geoparkeko kostaldeko (Mutriku-Deba-Zumaia) flyscharen edertasunaz gozatuz, gida baten azalpenek lagunduta. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailburuak, Ana Oregik, Debako alkateak, Pedro Bengoetxeak, eta Debegesa Debabarreneko garapen agentziako zuzendariak, Juan Angel Balbasek, gaur zerbitzua ematen hasi den pantalan berria aurkeztu dute.
Geoparkeak gaur bertan abian jarri dituen 2 proposamenetako bat da hauxe. Hain zuzen ere, bi irteera gidatu berriek Zumaia eta Deba arteko ibilbidea egingo dute itsasoz, bi zentzuetan, eta Debako pantalana izango dute abiapuntu edota helmuga.
Jarduera turistikoaren hasierarekin bat eginez, gaur inauguratu da pantalan berria. Hemendik aurrera, Euskal Kostaldeko Geoparkeko itsas-irteeretan parte hartzen duten bisitari eta geologia zaleek Deban ontziratzeko eta lehorreratzeko aukera izango dute. Azpiegitura berri honek, halaber, jarduera turistikoak bultzatuko ditu bai Deban, bai Debabarreneko eskualdean.
Inaugurazio ekitaldian izan dira baita ere Garraio sailburuordea Antonio Aiz, Garraio Azpiegituren zuzendaria, Almudena Ruiz de Angulo, Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendaria, Amaia Barredo, eta Gipuzkoako Portuen zerbitzuko arduraduna, Idoia Ortubia. Haiekin batera Mutriku eta Zumaiako alkateak egon dira (Debarekin batera Geoparkea osatzen duten udalerriak), Jose Angel Lizardi eta Oier Korta, hurrenez hurren. Ekitaldian Debabarreneko turismo arloko hainbat enpresa ere izan dira.
Ana Oregi sailburua, Debako alkatea, Pedro Bengoetxea, eta Debegesako zuzendaria, Juan Angel Balbas, Mutriku eta Zumaiako alkateekin eta beste agintariekin Debako pantalan berriaren aurkezpenean
Bai Ana Oregi sailburuak baita Debako alkate Pedro Bengoetxeak ere poza agertu dute Debak jarduera turistikoa sustatzeko azpiegitura berri bat izango duelako aurrerantzean.
Ana Oregiren hitzetan, “Geoparkeak erakarritako turismo nautikoa eta kulturala eta inguruko eskaintza geologikoa eta naturala hazten ari dira gure kostaldean, europar atlantikoko kostalde osoan bezalaxe. Duela urtebete Tren Geltokiko Erromesen Aterpetxea jarri genuen martxan, gaur pantalán berria da. gauzak ondo egiten ari gara eta hori denborarekin ikus ahal izango da bai Deban baita Debabarreneko eskualdean ere. Ez soilik alderdi ekonomikoan, baita ezagutza eta kultur eremuan ere, garrantzi berbera edo gehiago duena”.
Flyscheko itsaslabarrak dira Euskal Kostaldeko Geoparkeko erakargarritasunik handiena. Arrakasta gehien duten bisitak itsasontziz egiten direnak dira, Geoparkeko kostaldea deskubrituz (Mutriku-Deba-Zumaia). Datu bat, aurten martxotik ekainera bitarte, 2.000 lagunek egin dute Geoparkeko bisita gidaturen bat. Aurreko urteko datuekin alderatuz, epe berean, % 60 baino gehiago igo da kopuru hau. Bisitarien joan-etorria handia da Geoparkea osatzen duten hiru herrietan eta honen eragin ekonomikoa eta turistikoa ere handia da.
Bengoetxea alkatearen hitzetan, “pantalan berriari esker Debarentzat aukera berriak irekiko dira, eta espero dugu poliki-poliki herriak gero eta bidaiari gehiago jaso ahal izatea itsasoz“. Azpiegitura berri hau Debako Udalaren eta Debegesa Debabarreneko garapen agentziaren ekimena izan da eta Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak finantzatu du.
Bisita gidatu berriak
Euskal Kostaldeko Geoparkeak, besteak beste, geoturismoa bultzatu nahi du, zehazki, bertako ondare natural, kultural eta geologikoa deskubritzera, dibulgatzera eta disfrutatzera bideratuta dauden esperientzia, jarduera eta bisita gidatuak sustatu nahi ditu.
Pantalan berria jarrita, gaurtik aurrera Euskal Kostaldeko Geoparkeak bere eskaintza turistikoa osatzera datozen 2 itsas-irteera berri eskainiko ditu. Bisita gidatu berriek itsasoz egingo dute Deba eta Zumaia arteko ibilbidea, bi zentzuetan. Hain justu, “Deba-Zumaia itsasontzian” eta “Zumaia-Deba itsasontzian” dira aipatu bi irteera berriak. Abiapuntu eta helmuga desberdina duten bisita interpretatuak izango dira, aukera ezinhobea Geoparkeko bi herri hauek patxadaz ezagutu nahi dituzten bistarientzat.
Itzultzeko aukera bikaina dira, halaber, Zumaia eta Deba arteko GR Talaia kostaldeko trekkinga egin nahi dutenentzat.
Bisitak geoparkea.com webgunean erreserbatu daitezke dagoeneko edota Geoparkeko hiru turismo bulegoetan. Pantalan berria kokatzeko prozesua gaur amaitu da, bi urte luzeren ondoren, Debako Udalaren eta Debegesa garapen agentziaren ekimenari esker, eta Euskal Kostaldeko Geoparkearen eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin.
2013an, Debegesa eskualdeko garapen agentziak egindako txostenarekin, Debako Udalak Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegitura Zuzendaritzari eskaera egin zion Deban pantalan berria jartzeko, herrian promozio turistikoaren sustapenerako bide berriak irekitzeko helburuarekin. Txosten honetan nabarmentzen zen Geoparkeko bisitak itsasontziz egiten dituzten bisitariak ontziratzeko eta lehorreratzeko puntu bat behar zuela Debak. Txosten berean, aipatzen zen baita ere pantalanak itsas-salbamendurako beharrei erantzuna eman behar ziela.
Eskaera honetatik abiatuta, Garraio Azpiegitura Zuzendaritza azpiegitura berri hau Deban eraikitzeko soluzio egokienaren bila hasi zen. “Deba ibaiak dituen ezaugarriek baldintzatu dute pantalan berriaren ezaugarriak eta kokapena. Ibaiak sakonera mugatua du eta barne-astintze handia du. Ezaugarri hauek direla medio, soluzioa oso ondo aztertu behar izan da. Pantalanak 70.000 euro inguruko kostua izan du eta Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak egin du ordainketa osoa. Pantalana eta pasarela jartzeko lanak Amilibia enpresak egin ditu eta Biok enpresak baranda eta atea jarri ditu. Deba ibaiak barne-astintze handia izan ohi du. Hori dela eta, pantalana desmuntagarria da eta kabrestante baten bitartez neguko hilabeteetan kendu ahal izango da, eguraldi txarrarengatik babesteko. Pantalana berriro jarriko da maiatzetik urrira bitarte zerbitzua eskaintzeko eta bidaiariak lehorreratzeko eta ontziratzeko soilik erabiliko da. Ez da diseinatu barkuak atrakatzeko” azaldu du Almudena Ruiz de Anguilok.