Heldu! ekintzailetza programaren bigarren edizioan parte hartu duten sei proiektuen itxiera-jardunaldia egin zen atzo
Jardunaldi honek balio izan du irailaren hasieratik abendura arte iraun duen proiektuen mentorizazio-prozesuari amaiera emateko. Sei proiektuk jaso dituzte prestakuntza, aholkularitza eta tutoretza hilabete hauetan.
HELDU! programaren bigarren edizioa Eibarko Udaleko Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza Sailak sustatu eta diseinatu du, Debegesa eskualdeko garapen-agentziarekin lankidetzan, Eibarren izaera berritzailea duten ideia edota negozio-ildo berriak aztertu eta baliozkotzeko. Abenduaren 18an, astelehena, Debegesaren ondoko inkubagailuan egin den Pitching Day batean aurkeztu dituzte proiektuak parte-hartzaileek.
Zenbait sektoretako sei proiektuek jaso dituzte prestakuntza, aholkularitza eta tutoretza hilabete hauetan. Gaia hauek landu dituzte proiektuotan: naturako turismo aktiboa, marketin digitaleko eta enpresentzako salmentetako aholkularitza, fabrikazio gehigarria, sormen- eta kultura-industria (KSI), eta osasuna eta kirola.
Ekintzaileek aholkulari adituen laguntzarekin garatu dituzte beren ideiak, eta horri esker beren proiektuei forma eman diete eta egitasmoak zehazteko beharrezkoak diren baliabideak eta tresnak eskuratu ahal izan dituzte. Gainera, aukera izan dute berrikuntzan oinarritutako komunitate ekintzaile bat sortzeko espazio egoki bat izateko.
Jardunaldi honetan, Eibarko udaleko eta Debegesako ordezkariak izan dira, bai eta programako laguntzaileak ere. Cristina Zumetak, Debegesako Berrikuntza, Ekintzailetza eta Enpresa departamentuko arduradunak zera nabarmendu du: “Garapen agentzian, eskualdeko udalekin lankidetzan, jarduera ekonomikoa eta kalitatezko enplegua sortzen lagunduko duten ekintzailetza-ekimen berriak garatzen dihardugu, baina epe ertain-luzerako ibilbide-orri bat behar genuela uste genuen eta horregatik diseinatu dugu 2023-2026 epemuga duen Debabarreneko Ekintzailetzako Plan Estrategikoa Debabarreneko Ekintzailetza Foroarekin lankidetzan”.
HELDU! programa Eibarren enpresa-jarduera berriak sortzeko helburuarekin jaio zen, gero eta konplexuagoa eta globalagoa den merkatu batean herriko eta eskualdeko ehun ekonomikoa eta lurraldeko lehiakortasuna indartzen laguntzeko. Horregatik, programaren helburua da ideia edo proiektu bat duten pertsonek beharrezko tresnak eskura edukitzea, egitasmoa gauzatu eta ekintzailetzarako pausoa emateko.
Aurreko urteko arrakasta ikusita, Udalak bigarren edizioa abiaraztea erabaki zuen. Hori horrela, sei proiektuk hartu dute parte aurten eta laguntza-prozesua abenduaren erdialdera arte luzatu da. Debegesako teknikariek koordinatu dute eta parte-hartzaileek 100 ordutik gorako laguntza jaso dute: formazio espezializatua, adituen aholkularitza eta tutoretza pertsonalizatua. Aholkulari-taldea osatzen duten pertsonek eta aholkulariek esperientzia handia dute bai ezagutza-arloan, bai enpresa-proiektu berriak abian jartzeko.
Programa guztiz praktikoa izan da, berariaz diseinatua hasierako fasean dauden (pre-seed) eta aztertu ondoren martxan jartzeko laguntza behar duten proiektuetarako. Saioetan, parte-hartzaileen negozio-ideiak baliozkotzeko eta garatzeko beharrezkoak diren gai guztiak landu dira.
“Oso interesgarria izan da HELDU! programan parte hartzea, izan ere, ikasitakoari esker jakin izan dut nire proiektuak zituen beharrei nola egin aurre eta behar nituen erramintak eskuratu ditut arlo desberdinetako profesionalei esker” azaldu du Julia Gauger edizio honetako partehartzaileak.
2024ra begira, HELDU! programako 3. edizioan parte hartzeko interesa duenak, Debegesan jaso dezake informazio guztia.
EHUNDU ekintzailetza programaren izen-ematea zabalik
Eibarko Udalaren EHUNDU programa ere martxan dago. Programa honek enpresa sortu aurretik enpresa-proiektu bakoitzak dituen eremu kritikoetan adituen laguntza teknikoa eskaintzen die ekintzaileei. Bideragarritasun-plana landuta duten ekintzaileei zuzenduta dago beraz, enpresa sortu edo martxan jarri aurretik argitu gabeko behar espezifikoak dituzten negozio berritzaileei.
Momentu honetan hiru proiektuk parte hartzen dute EHUNDU programan eta 2024ari begira ere, zabalik izango da programa urte guztian. Interesa duen edonork izena eman dezake https://heldueibar.debegesa.eus/eu/ehundu/ webgunean edota Debegesara deituta, 943 82 01 10 telefonora.