Mutrikuarren artean ekintzailetza sustatzeko trebakuntza ikastaroa eskainiko du DEBEGESAk
Enpresen sorrera eta ekintzailetza sustatu eta laguntzeko helburuarekin, Mutrikuko Udalak eta Debegesa Debabarreneko garapen agentziak abian jarri dute beste behin ‘Mutriku Ekinean’ trebakuntza ikastaroa. Egitasmo hau ‘ZuEkin’ egitasmoaren baitan kokatzen da.
Enpresa edo negozio propioa abian jarri nahi duten herritarrei dago zuzenduta. Ez da beharrezkoa aurrez negozio-ideia bat izatea. Ikastaroaren baitan ekintzailetzaren inguruko hausnarketa egingo da eta partaideen sormena sustatuko da, negozio ideia berriak sortze aldera. Ekintzaileei bidea erakustea eta ideia bat daukatenetik martxan jartzeko prozesua zein den erakustea izango da helburua.
Ikastaroa urriaren 19an hasi eta 6 egunez luzatuko da. Hain zuzen ere, hurrengo egunetan eskainiko da: urriak 19, 21, 23, 26, 28 eta 30. Goizez egingo da, 9:30etik 13:30era, Konde kaleko bulegoan. Parte hartzea doakoa izango da eta Tailerra Debegesako teknikariek emango dute.
Parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman behar dute 943 82 01 10 telefonora deituz (Vanesa Hortas), edota ekintzaile@debegesa.eus helbidera idatziz. Plaza mugatuak dira.