Azaroaren 9an amaituko da ekintzaileei zuzendutako diru-laguntzak eskatzeko epea DEBEGESAn

2015-11-04 Iruzkinik ez

Debegesa Garapen Agentziak gogoratu nahi du datorren azaroaren 9an amaituko dela ekintzaileei zuzendutako diru-laguntzak eskatzeko epea.

Lanbide- Euskal Enplegu Zerbitzuak ekintzaileei laguntzeko abian jarritako deialdia da eta Debabarreneko ekintzaileek Debegesaren bidez egin dezakete eskaera. Hain zuzen ere, Debegesa da Debabarrenean diru-laguntza hauek bideratu eta banatuko dituena, Lanbideren entitate kolaboratzaile baimendua den aldetik, eta aholkularitza eta beharrezko duten laguntza eskainiko die ekintzaileei.

Diru-laguntza hauek, batetik, enpresa-ideia bat izanik ideia hori aztertu eta garatu nahi duten ekintzaileei bideratuko zaizkie eta, bestetik, enpresa-proiektua abian jarri nahi dutenei.

Diru-laguntzen kopuruari dagokionean, enpresa-ideia bat garatzeko laguntza, gehienez ere, 1.000 eurokoa izango da sustatzaile bakoitzeko. Enpresa-proiektu berriak martxan jartzeko, berriz, gehienez ere 1.500 euroko laguntza emango zaio sustatzaile bakoitzari. Zenbateko hauek % 15 gehituko dira eskatzaileek 18 urte baino gehiago eta 25 urte baino gutxiago badituzte (eskaera aurkezten duten unean), eta beste % 15 emakumeak badira.

debegesa.eus webgunean informazio osoa eta eskaerak aurkezteko eskaera-orria aurkituko dute interesa dutenek. Informazio gehiagorako: ekintzaile@debegesa.eus edota 943 82 01 10 (Vanesa Hortas).