Gure Balioak Saria jaso du Antonio Cancelok
Antonio Cancelok, Eroskiren sortzaile eta Mondragon Taldeko presidente ohiak, atzo osteguna jaso zuen Gure Balioak Saria, bere adopzio herrian, Eibarren, Debegesa Garapen Agentziak Eibarko Udalarekin batera antolatu zuen ekitaldi hunkigarrian.
Antonio Cancelo, Gure Balioak Saria jasotzen duen seigarren pertsona da, 2010. urtean Debegesa garapen agentziaren ekimenez eratu zenetik. Sari honek Debabarrenean giza balioen sustapenean nabarmendu den pertsonaren ibilbidea aitortzea du helburu. Debabarreneko bereizgarri eta azpimarragarri diren balioak eta Gure Balioak egitasmoak sustatu nahi dituenak dira: ekintzailetza, lankidetza, errespetua eta integritatea.
Eibarko Coliseo Antzokian egin zen Sariaren banaketa ekitaldia. 150 lagun inguru bildu ziren bertan, horien artean, Eibarko Alkatea, Miguel de los Toyos, eta Udaleko hainbat zinegotzi; Debako alkatea, Pedro Bengoetxea, eta Debako Udaleko Ogasun eta Turismo zinegotzia, Iñaki Esnaola; Mutriku Alkatea, Jose Angel Lizardi; Debegesako zuzendaria, Juan Angel Balbas; Eroskiko Kontseilu Errektoreko presidentea, Leire Mugerza; epaimahaiko kideak, enpresa, hekuntza, kultura eta arlo sozialean diharduten Debabarrena eskualdeko 9 lagunek osatua; Garbiñe Biurrun epailea; iazko sariduna, Sabin Osoro; eta aurtengo sariduna, Antonio Cancelo. Haiekin batera, saridunaren senitarteko, lagun eta Debabarreneko zein eskualdetik kanpoko hainbat enpresetako ordezkariak izan ziren.
Eibarko Koro Gaztea abesbatzak ireki du ekitaldia Mikel Laboaren “Txoria txori” abestiarekin. Ondoren, Garbiñe Biurrun epaileak irekierako hitzaldia eskaini zuen “Gizarte osasuntsu baterako eta herritarren ahalduntzerako balioak” izenburupean.
Biurrun epailearen hitzen ostean, epaimahaiko bi kide igo ziren agertokira, Jaione Ganzarain eta Ion Arrieta, epaimahaiaren erabakiaren berri emateko. Epaimahaikideek Canceloren lan ibilbide zabal eta bikaina goraipatu zuten, bere gaitasun ekintzailea, pertsonengan jarritako konfiantza eta gizarte solidario eta bidezko baten aldeko konpromisoa nabarmenduz.
Ondoren, saridunaren omenez egindako bideo hunkigarria ikus ahal izan zen, Canceloren lankide, lagun eta senitartekoen mezuak erakutsiz. Jarraian, Gure Balioak Saria jaso zuen Antonio Cancelok, iaz errekonozimendu hauxe bera jaso zuen Sabin Osororen eskutik. Cancelok, hunkiturik, esker oneko hitzak izan zituen Sariaren antolatzaile eta bertaratu ziren herritar, adiskide eta sentitartekoentzako.
Eibarko Koro Gaztea abesbatzak amaiera borobila eman zion ekitaldirari, Elena Martin zuzendariaren gidaritzapean.