Ekintzailetza tailerra Deban, Udalaren eta Debegesaren eskutik
Debako Udalak eta Debegesa garapen agentziak herriko ekintzaileei zuzendutako doako tailerra antolatu dute ‘Deba Ekinean’ izenburupean. Parte hartzeko baldintza bakarra da ekiteko gogoa izatea eta ideia, proiektu edo negozio bat abian jartzeko prest egotea.
‘Deba Ekinean’ ekimenak enpresa berrien sorrera sustatu nahi du herrian eta Debabarreneko eskualdean. Ekimena jarrera edota gaitasun ekintzaile nabarmena duen orori dago zuzenduta eta ez da beharrezkoa aurrez negozio ideia bat definituta izatea.
Tailer honen bitartez, erreminta eta baliabideak eskainiko zaizkie ikasleei euren enpresa proiektua garatu ahal izateko. Motibazioa eta sormena landuko dute negozio ideia berriak sortu eta identifikatu ahal izateko eta enpresa bat sortzerakoan egon litezkeen zailtasunak gainditzen erakutsiko zaie.
Tailerrak 24 orduko iraupena izango du, 6 egunetan banatuta. Datak eta ordutegia oraindik zehaztu gabe daude. Behin taldea osatuta erabakiko da.
Parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete ekintzaile@debegesa.eus helbidera idatzita edo Debegesako 943 82 01 10 telefonora deituta.