Debabarrenak enpresa berrien sorrera sustatzeko konpromisoa sendotu du

2016-03-07 Iruzkinik ez

Eskualde ekintzailea izaten segitzen du Debabarrenak eta Debegesa garapen agentziak jarraitzen du enpresa berri bat martxan jarri nahi duten ekintzaileei behar duten laguntza eskaintzen. Azken 10 urtetan, Debabarrena Ekinean egitasmoaren baitan, jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeko tresna gisa kultura ekintzailea sustatzea helburu duena, 1.836 lagunek jaso dute informazioa, 376 proiektu aztertu dira eta 321 enpresa berri sortu dira Debegesa garapen agentziaren aholkularitza eta laguntzarekin. Enpresa hauek 425 lanpostu zuzen sortu dituzte Debabarrenean. Datuek ekintzailetzaren aldeko Debabarrenaren apustua eta konpromisoa erakusten dute, eskualdearen garapen ekonomiko eta soziala lortzeko eragile nagusi gisa.

Nabarmentzekoa da Debegesaren laguntzarekin sortu diren enpresen biziraupen-tasa bost urte igarota %82koa dela. Izan ere, negozio-ideien bideragarritasun analisia egiterako orduan eskakizun maila altua ezartzen da, beti ere, enpresen eta lanpostuen etorkizuna bermatze aldera.

2015ean, 167 pertsona hurbildu ziren Debegesako bulegoetara enpresa bat sortzeko aholkularitza edota informazio eske eta denera 20 enpresa berri sortzen lagundu zuen, aurreko urtean baino bi gehiago.

Enpresa berri hauek abiatzeko 607.617 euroko inbertsioa egin da eta 30 lanpostu zuzen sortu dira. Bestalde, gorakada bat antzeman da industria arloko ikasketak eta esperientzia duen ekintzailearen profilari dagokionean. Honela, hiru enpresa industrial berri sortu dira Debabarrenean, bat Mallabian, Goitondo industrialdean, beste bat Eibarren, Asua Erreka industrialdean, eta beste bat Deban, Itziarko industrialdean.

Gainera, ikastaroak eta tailerrak eskaini ditu Debegesak kultura ekintzailea sustatu asmoz. Oro har, 297 lagunek parte hartu dute 2015ean jarduera hauetan guztietan. 

 

Ekintzailetza sustatzeko diru-laguntzak Debabarrenean

Debegesa, Lanbideren entitate kolaboratzaile baimendua den aldetik, ekintzaileei laguntzeko Lanbidek 2015ean egindako diru-laguntza deialdia kudeatzeaz arduratu da Debabarrenean. Diru-laguntza hauek negozio-ideiak garatzera eta enpresa berriak martxan jartzera bideratu dira.

Debabarreneko 41 ekintzailek jaso dute diru-laguntza, horietatik 20 enpresa-ideia garatzeko eta beste 21 enpresa berria martxan jartzeko. Denera 58.000 euro banatu dira eta ekintzaile hauek denek burutu dute aholkularitza prozesua Debegesaren eskutik.

 

Debabarreneko ekintzaileei laguntzeko zerbitzu integrala

Eskualdeko zortzi udalek ekintzaileei laguntzeko zerbitzu integrala eskaintzen dute Debegesaren bitartez. Zerbitzu hau, halaber, eskualdean ekintzailetzarekin lotura duten gainerako entitateekin elkarlanean eskaintzen da. Horren adibide da eskualdeko bi enpresa inkubagailuekin dagoen elkarlana. Bi enpresa inkubagailu hauek Eibarren eta Ermuan daude, Bic Berrilan eta Izarra Centre, hurrenez hurren. Espazio hauetan ekintzaileek euren jarduera aurrera eraman dezakete epe jakin baterako, Debegesaren etengabeko aholkularitza eta laguntzarekin.

Debegesak informazioa eta aholkularitza eskaintzen die, doakoa eta banakakoa, euren negozio-ideia martxan jarri nahi duten ekintzaileei eta beharrezko dituzten tresnak jartzen dizkie eskuragarri euren enpresa-proiektua garatu dezaten baldintza onenetan, bideragarritasun plana dela, laguntza eta diru-laguntzen gaineko informazioa, finantziazioa eskuratzeko erraztasunak, edota enpresa inkubagailuetan kokatzeko aukera.

Debegesa garapen agentziak, halaber, finantza erakundeekin lankidetza hitzarmenak dauzka sinatuta, enpresa berrien sorrera errazteko helburuarekin. 2016an, hitzarmen horietako batzuk –Nafarroako Rural Kutxa, Sabadell Bankua, Caixabank eta Oinarrirekin–  hobetu egin dira, gehienezko finantziazio kopurua handituz eta gainerako baldintzak ere hobetuz.