Biodibertsitatea izan dute hizpide Eibarko ikasleek Eskolako Agenda 21eko udalbatzarrean
Eskolako Agenda 21eko bilkura egin da gaur Eibarko Udaletxean. Bertan batu dira Eibarko 10 ikastetxetako 80 bat ikasle-ordezkari: Amaña, Arrate Andra Mari, Urkizu, San Andres, J.A Mogel, DBH Itzio, La Salle Azitain, La Salle Isasi, Uni Eibar-Ermua y Mogel Isasi.
Aurtengo ikasturtean Biodibertsitatea landu dute Debabarreneko ikasleek Eskolako Agenda 21 egitasmoaren baitan, eta ikasturtean zehar gai horren bueltan egindako egitasmoen berri eman diote ikasleek udal taldeari. Besteak beste, herriko gune berdeak eta parkeak aztertu dituzte, landarediaren eta animalia inbaditzaileen gaineko azterketa egin dute (liztor asiatikoa…) eta Ego ibaiadarraren ekosistema ikertu dute.
Egoeraren diagnostikoa egin ostean, ikasleek udalbatzarrean aurkeztu dituzte ateratako ondorioak, baita euren eskaera eta proposamenak ere, herri jasangarri bat garatze aldera. Ikasleek Udalari egindako ekarpenetatik azpimarragarrienak hauek izan dira:
- Berdegune gehiago parkeetan eta bertako espezieak lehenestea.
- Zuhaitz esanguratsuen inbentarioa egitea.
- Ego ibaiaren eta honen adarren garbiketa eta bioaniztasuna sustatzeko kanpainak garatzea.
- Espezie inbaditzaileak ekiditeko neurriak hartzea.
- …
Udal ordezkariek ikasleen proposamenak adi entzun eta erantzun dituzte eta eskerrak eman dizkie Eskolako Agenda 21ean egindako lanarengatik.
Egitasmo hau aurrera eramateko, Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen du eta ikastetxeek Eibarko Udalaren, Ingurugelaren eta Debegesa garapen agentziaren laguntza dute.