Sormen-mugikortasun proiektu europar batean parte hartuko du DEBEGESAk, artista eta sortzaileei zuzenduta

2016-09-29 Iruzkinik ez

Garapenek (Garapen Agentzien Euskal Elkartea)  Debegesa, Buruntzaldea-Beterri, Getxolan, Inguralde eta Oarsoaldea garapen agentzien bidez, eta Bitamine Faktoriarekin eta Fabrique Polarekin lankidetzan sormen-mugikortasun proiektu bat jarri dute martxan Euroeskualdean.

Egitasmo hau Eusko Jaurlaritzako Aquitaine-Euskadi 2016 proiektu-deialdiaren baitan kokatzen da. Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako mugikortasun programa honek 40 urtetik beherako 24 sortzaileren mugikortasuna ahalbidetuko du Euroeskualdean ekosistema sortzailea indartzeko asmoz.

Mugikortasun proiektu honen bidez, parte-hartzaileek eta proiektuko bazkideek topaketa eremuak partekatuko dituzte, elkarrizketak egin, sareak eraiki, ideiak lotu, sinergiak bilatu, eta ideia berrietan kooperatu ahal izango dute.

Proiektuaren xede nagusia da Euroeskualdean mugikortasun programa bat abian jartzea sortzaileen artean. Programa honek 2/3 eguneko egonaldiak eta sorkuntza-ekintzailetza sustatzen duten espazioetara bisitak eskainiko dizkie sortzaileei. Ekimen hauek aberasgarriak izango dira beren jardunerako, baita euren proiektuak hobetzeko tresna egokiak ahalbidetzeko, sormena eta berrikuntza freskatzeko eta ideiak garatzeko inspirazioa elikatzeko ere, Akitanian zein Euskadin.

Lortu nahi diren helburu zehatzak ondorengo hauek dira:

  • ezagutza, esperientziak edota proiektu interesgarriak konpartitu, eta gazteen gaitasunak hobetu.
  • mugaz bestaldeko lankidetza aukeren eta ezagutzaren inguruan sentsibilizatu.
  • kapital soziala eta gazte sortzaileen kopurua areagotu, eta lan-sareak sortu.
  • negozio-aukera berriak identifikatu.
  • lurraldeko eragile dinamizatzaileen arteko sinergia berriak sustatu, baita Kultura eta Sormen Industria (KSI) arloan erreferente diren eragileen artekoa ere.

 

Eskatzaileek enpresa proiektu bat edo sorkuntza-ekintzailetza egitasmo bat abian izan behar dute, ondorengo diziplinetako batean oinarrituta: Ikus-arteak, Ikusentzunezkoak, Diseinua, Arte grafikoak, Teknologia berriak, Arkitektura, Artisautza, Moda eta Bitxigintza.

2016-2017 ikasturtean 3 deialdi argitaratuko dira: lehenengoa 2016ko urrian; bigarrena 2017ko urtarrilean eta hirugarrena 2017ko apirilean. Indarrean dagoen deialdian hautatua ez den izangaiak hurrengo deialdietan aurkezteko aukera izango du.


Izen-emate orria eskuragarri dago online www.bitamine.net webgunean.

Informazio gehiago eta hautaketa irizpideak:

https://www.garapen.net/documentos/ficheros/documentacion_eu/Sortzaileen_Mugikortasunerako_Programa.pdf