Debabarrenean Hazilan proiektuaren bigarren edizioan parte hartzeko epea luzatu egin da

2016-10-10 Iruzkinik ez

Gazteen laneratzea sustatzea helburu duen Hazilan proiektuaren bigarren edizioan parte hartzeko izen-emateko epea ostiralera arte, urriak 14, luzatu du Debegesa garapen agentziak. Parte hartzeko interesa duten gazteek izena eman dezakete online debegesa.eus webgunearen bitartez.

Hazilan proiektua goi mailako ikasketak dituzten (unibertsitate titulua edo goi mailako prestakuntza zikloa) eta lana aurkitu ezinik dabiltzan 20 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago.

Hautatutako lagunek prestakuntza pertsonalizatua jasoko dute. Lehen fase batean, euren gaitasun pertsonalak eta profesionalak hobetzeko trebakuntza jasoko dute, lan mundura sartzea erraztuko dieten erreminten bitartez, eta, bigarren fase batean, enpresetan praktikak egingo dituzte edo proiekturen bat garatuko dute. Honela, lan munduko errealitatea gertutik ezagutzeko aukera izango dute.

Hazilan proiektua Euskadiko Programa Operatiboaren baitan kokatzen da eta Europako Gizarte Funtsak finantzatzen du %50ean. Proiektua Garapen garapenerako agentzien euskal elkarteak koordinatzen du.