Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, Etorkizuna Eraikiz egitasmoa aurkeztu du Debabarrenean

2016-11-22 Iruzkinik ez

Esperientzia pilotuak martxan jarri, ebaluatu eta, ostera, ondorioak politika publikoetan txertatu. Eskema honi jarraiki landu nahi ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeak etorkizunera begira dituen erronka nagusiak. Hori da, hain zuzen ere, Etorkizuna eraikiz egitasmoan jaso duen estrategia, Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, gidatzen duen programa. Ekimenak izaera desberdineko eragileen arteko elkarlana du bere gobernantza eredu berritzailearen ardatz, eta prozesu guztia gizarte antolatuko eta unibertsitate sistemako eragileekin garatzen eta kontrastatzen ari da. Hau da, egunerokotasunetik begirada altxatu, epe ertain-luzera begiratu eta geroari aurre hartzen saiatu.

Diputatu nagusia Eibarren izan da gaur, Debegesa garapen agentziak gonbidatuta, tokiko eragileei egitasmoaren berri ematen. Ekitaldian proiektuan buru-belarri parte hartzen ari diren pertsonen esperientziak entzun ahal izan dira, hala nola, Ekai Center-eko Joseba Bergaretxe, lurraldeko teknologia sarea eta esparru honetako estrategiak hobetzeko proiektua garatzen ari dena. Ekimena Etorkizuna Eraikiz programaren barruan kokatzen da, lurralde eraldatzeko proiektu berritzaileen atalean.  

Egitasmoa bi zutabe nagusiren gainean eraiki da: alde batetik, GipuzkoaLab deritzona, ekonomia, gizarte eta kultura arloetan esperientzia pilotuak martxan jarriko dituena, hauek ebaluatu ostean eraginkor eta erabilgarri agertu direnak politika publikoetan txertatzeko. Hasiera batetan, lau proiektu nagusitan sakondu nahi da, horietako bi enpresen arloan gauzatuko direlarik: langileen partaidetza, batetik, eta genero berdintasuna eta kontziliazioa sustatzea, bestetik. Horretarako, hamarna esperientzia pilotu jarriko dira martxan beste hainbeste konpainia ezberdinetan, 500 pertsonen partaidetzarekin. Guztira, beraz, 20 enpresa eta mila lagunen parte-hartzea aurreikusten da hasiera honetan. Hirugarren proiektua Gizarte politikaren arloan gauzatuko da, adinduen arretarako erreferentziazko zentro baten garapena landuz eta hirugarren sektorea bultzatzeko beste lau esperientzia abian jarriz. Laugarren ekimenak euskararen arloa jorratuko du, ikus-entzunezko edukiak sortzeko laborategia sustatuz.

Bigarren ardatza Gipuzkoa Taldean litzateke, gizarte antolatuarekin elkarlanean eta etengabeko elkarrizketan oinarrituta, Gipuzkoa 2026 Plan Estrategikoa osatzea helburu duena. Hau da, lurralde gisara Gipuzkoa eta gipuzkoarrok non gauden zehaztu, norabidea adostu eta nola egin aurrerapauso hori gauzatu eta aplikatzen hasteko. “Hausnarketa eta ikerketa pausu bat haratago eraman eta biharko galderei erantzunak ematen lagunduko diguten aplikazio praktiko berritzaileak abian jarri nahi ditugu”, azaldu du Olanok. Gizarteko hainbat arlotako 60 ordezkarik osatzen dute martxan dagoen gogoeta eta gobernantza organo hau.

Diputatu nagusiak gogoratu duenez, Gipuzkoak lurralde aurreratu, jasangarri eta integratzailea izaterainoko bidea egin du azken bi hamarkadetan, baina krisi ekonomikoak sistemaren indargune eta ahuleziak agerian utzi ditu. “Geldialditik nola irteten garen giltzarri izango da etorkizuneko gure eredu sozial eta ekonomikoa zehazterako orduan” eta, hain zuzen, prozesu horretan aurrea hartu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz ekimenaren bitartez. Jasotako ekarpenek eta programa honetan identifikatutako aurrerakuntzek legealdi honetan indarrean dagoen Kudeaketa Plan Estrategikoa eguneratuko dute.

 

Hiru zeharkako ardatz

Bi zutabe nagusi hauek osatzeko asmoz, Etorkizuna eraikiz egitasmoak beste hiru zeharkako ekimen ditu. Lehen ekimenak, nazioartekotze sareak, proiektua mundura ireki, kontrastea egin eta kanpoko esperientzia aberasgarriekin elikatzea bilatzen du. Hau da, atzerrira irten, proiektu interesgarri eta arrakastatsuak aurkitu eta, lurraldearen errealitatera egokitu ostean, inportatu. Aldi berean, Gipuzkoa nazioarteko topagune eta sareekin konektatu eta eragile aktibo bilakatzearen alde lan egiten ari da, mundu mailako think tank nabarmenenekin zubiak eraikiz.

Ikergunek, bere aldetik, lurraldeko ekosistema akademikoaren aktibazioa du xede, Etorkizuna eraikiz osatzen duten programa ezberdinei babesa eta sostengua emateko. Lurraldean egoitza duten lau unibertsitateak hartzen ari dira parte eta euren ekarpena esperientzia pilotuen azterketa eta proiektuen ebaluazioa, emaitzen hedapena eta Etorkizuna eraikiz proiektuaren inguruan sortutako eztabaidetan hitza hartuz gauzatzen dute. Hirugarren zeharkako ardatza gizarteratze prozesua da, lurraldearen erronkak eta proiektuaren ondorioak gizartean hedatu, eztabaidatu eta partekatzeko helburua duena.