Silvia Tubia eibartarra -Anuk Estudio-, Euskadiko eta Akitaniako sortzaileen arteko Mugikortasun Programa batean parte hartzeko aukeratua
Silvia Tubia eibartarra, Anuk Estudioko diseinatzaile eta ilustratzailea, Euroeskualdearen eremuan Sortzaileen arteko Mugikortasun Programa batean parte hartzeko aukeratua izan da. Datorren urtarrilaren 10ean abiatuko da Bordelera eta 3 eguneko egonaldia egingo du bertan, beste sortzaile batzuekin topaketa eremuak partekatu, sareak josi, ideiak lotu, sinergiak bilatu eta ekimen berriak abian jarri ahal izateko.
Egitasmo hau Eusko Jaurlaritzako ‘Aquitaine-Euskadi 2016’ proiektu-deialdiaren baitan kokatzen da eta Garapenek jarri du abian, Garapen Agentzien Euskal Elkarteak, Debegesa, Buruntzaldea-Beterri, Getxolan, Inguralde eta Oarsoaldea garapen agentzien bidez, eta Bitamine Faktoriarekin eta Fabrique Polarekin lankidetzan. Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako mugikortasun programa honek sortzaileen mugikortasuna ahalbidetuko du, Euroeskualdean ekosistema sortzailea indartzeko asmoz.
Mugikortasun proiektu honen bidez, parte-hartzaileek eta proiektuko bazkideek topaketa eremuak partekatuko dituzte, elkarrizketak egin, sareak eraiki, ideiak lotu, sinergiak bilatu, eta ideia berrietan kooperatu ahal izango dute.
Proiektuaren xede nagusia da Euroeskualdean mugikortasun programa bat abiaraztea sortzaileen artean. Programa honi esker 3 eguneko egonaldia egingo dute sortzaileek Bordelen eta sorkuntza-ekintzailetza sustatzen duten espazioetara bisitak egiteko aukera izango dute. Ekimen hauek aberasgarriak izango dira beren jardunerako, baita euren proiektuak hobetzeko tresna egokiak ahalbidetzeko, sormena eta berrikuntza freskatzeko eta ideiak garatzeko inspirazioa elikatzeko ere, Akitanian zein Euskadin.
Lortu nahi diren helburu zehatzak ondorengo hauek dira:
- ezagutza, esperientziak edota proiektu interesgarriak konpartitu, eta gazteen gaitasunak hobetu.
- mugaz bestaldeko lankidetza aukeren eta ezagutzaren inguruan sentsibilizatu.
- kapital soziala eta gazte sortzaileen kopurua areagotu, eta lan-sareak sortu.
- negozio-aukera berriak identifikatu.
- lurraldeko eragile dinamizatzaileen arteko sinergia berriak sustatu, baita Kultura eta Sormen Industria (KSI) arloan erreferente diren eragileen artekoa ere.