DEBEGESAk eta Geroak akordioa sinatu dute ekintzaileei mikrokredituak emateko
Debegesa garapen agentziak eta Geroak akordioa sinatu dute Geroa-bazkide diren Debabarreneko ekintzaileek, euren lan-bizitzan BGAEra ekarpenak egin dituztenek, euren negozio-ideia garatzeko eta abian jartzeko finantziazioa eskuratu dezaten. Akordio honen arabera, ekintzaileek 8.000 eta 20.000 euro arteko mikrokredituak jaso ahal izango dituzte, Geroan dituzten eskubideak ez beste abalik gabe.
Finantziazioa eskuratzeko baldintza gisa, eskatzaileek Debegesa garapen agentziak onartutako bideragarritasun plana izan beharko dute. Hain zuzen, Debegesak bideragarritasun plan hori egiteko laguntza eta aholkularitza eskainiko die ekintzaileei.
Ekimen hau Debabarreneko 8 Udalek Debegesaren bitartez ekintzaileei eskaintzen dieten arreta zerbitzu integrala osatzera dator. Eskualdeko garapen agentziak informazioa eta aholkularitza eskaintzen die, doakoa eta banakakoa, euren negozio-ideia martxan jarri nahi duten ekintzaileei eta beharrezko dituzten tresnak jartzen dizkie eskuragarri euren enpresa-proiektua garatu dezaten baldintza onenetan, bideragarritasun plana dela, finantziazioa eskuratzeko erraztasunak direla edota enpresa inkubagailuetan kokatzeko aukera emanez.
2017an Debegesak finantza erakunde ezberdinekin dituen lankidetza hitzarmenek indarrean jarraituko dute, besteak beste, Rural Kutxa, Caixabank, Sabadell Bankua eta Laboral Kutxarekin dituen akordioak. Ekintzaileei euren enpresa-proiektuak abian jartzeko finantziazioa lortzeko erraztasunak ematea da hitzarmen hauen helburua, baldintza onetan eta inolako abalik gabe.
Interesa duten herritarrek informazio gehiago eskura dezakete Debegesarekin harremanetan jarriz, ekintzaile@debegesa.eus epostara idatziz edo 943 82 01 10 telefonora deituz (Jaione Leibar).