Eusko Jaurlaritzak lehiaketara atera du Mutrikuko portuko Kofradia zaharra, ostalaritzako edo gai sozialetarako erabileraren bat izan dezan
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu du Mutrikuko nasa nagusian dagoen Kofradia zaharraren eraikina emakidan emateko lehiaketa publikoaren iragarkia.
Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituretako zuzendari Almudena Ruiz de Angulok azaldu duenez, erakina “1921ean eraiki zuten, 1992an goitik behera zaharberritu zuten jatorrizko eraikina, eta eranskin bat gehitu zioten ipar- orientazioan, beheko solairuan ataripea eta lehenengo solairuan terraza zituena. Eranskin hori jatorrizko eraikineko ostalaritza-negozioaren luzapen moduan erabiltzeko zen”.
Aurrerago estali eta itxi egin zen eranskineko terraza lehenengo solairuan zegoen jantokia handitzeko. Jantoki berri horrek beheko solairutik ere badu sarbidea kanpotik, iparraldeko fatxadan, dagoen eskailera baten bitartez. Jatorrizko eraikina kontserbazio-egoera onean dago.
Beheko solairuan taberna-jatetxea, zerbitzu guneak eta goiko solairuetarako eskailera daude. Lehenengo solairuan Bentalekua museoa dago. Bertan dago arrainaren beheranzko enkantea antolatzen eta enkantea hitzez egiten zenean sortzen ziren eztabaidak ebazten laguntzen zuen XX. mende hasierako makina.
Kantauri itsasertzean ohikoak ziren egurrezko makina hauek desagertzen ari direnez, hemen dagoenak balio etnografiko handia du, kontuan hartuta Euskadin geratzen den azkena dela. Makina hau gordeta dagoen lekuari erantsita Mutrikuri eta itsasoari buruzko erakusketa jasotzen duen beste gune bat dago.
Bigarren solairuan, teilatupean, ostatua dago, eta bertan lau logela daude, bakoitza bere bainugelarekin. Azkeneko zaharberritze-lanak egin zirenetik zenbat denbora pasa den ikusita, instalazioak berritu egin beharko dira eta eraikina arautegi berrira egokitzeko lanak egin beharko dira.
Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak besteak beste honako irizpideak zehaztu ditu jasoko diren eskaintzak baloratzeko: higiezinaren balioa azpimarratzeko eta egungo arautegira egokitzeko obra-proiektua; eraikina ustiatzeko plana, bertan jasoko da eskaintzen duen ostalaritza-zerbitzuaren definizio zehatza, eta bereziki baloratuko da tokiko gastronomia eta portuko kultura, bai eta Udalarekin Bentalekua museoaren bitartez portuko tradizioaren ezagutza bultzatzeko koordinatuko diren jardueren proposamena ere.
“Mutrikuko kirol-portu berria pasoko itsasontzi gehien erakartzen dituenetako bat da. Portuan eskaini beharra dago bertako kulturaren erakusgarri izango den ostalaritza eta gastronomia zerbitzua. Eskaintzak aurkezteko azken eguna 2017ko otsailak 28 da”, adierazi du Ruiz de Angulok.