Gaur zabaldu ditu ateak #ABIAN Debabarreneko III. Enplegu eta Lanbide Heziketa Azokak
Gaur hasi eta ostiralera bitarte, hiru egunez, #ABIAN Debabarreneko III. Enplegu eta Lanbide Heziketa Azoka egingo da Eibarren, Armeria Eskolaren patioan, Debabarreneko Udalek, Debegesa garapen agentziaren bitartez, eta eskualdeko LHko ikastetxeek antolatuta (Armeria Eskola, IMH Makina Erremintaren Institutua, Meka Lanbide Eskola, Uni Eibar-Ermua, Mutrikuko Akuikultura Eskola eta Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketako ikastetxea). Helburu nagusia da eskualdean enplegua sustatzea eta elkargune bat sortzea modu aktiboan lan bila dabiltzanen, ikasleen, lanbide heziketako ikastetxeen eta enpresen artean.
Halaber, azokak eskualdeko eskaintza formatibo zabala eman nahi du ezagutzera, eta Lanbide Heziketa lan merkatuaren egungo beharrizanei ondoen egokitutako ikasketa gisa nabarmentzea du helburu, Lanbide Heziketaren eta enpleguaren arteko lotura erakutsi.
Zehazki, ikasleei eta lan bila dabiltzanei dago zuzenduta #ABIAN azoka, baina baita garapen profesionalerako Debabarrenean dauden aukerak ezagutu nahi dituen edonori ere.
Irekiera ekitaldia 12:00etan egin da. Bertan parte hartu dute, Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuordeak, Marcos Murok, Eusko Jaurlaritzako Plangintzako eta Enplegu Berrikuntzako zuzendariak, Amaia Arteagak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikorako zuzendariak, Antton Tomasenak eta Debabarreneko Alkateek. Ekitaldiaren ostean, hitzaldien txanda izan da. ADEGIko Ezagutzaren kudeaketa eta Prestakuntzako zuzendariak, Mikel Sarriegik, “Lanbide Heziketa eta Enpresa: Erronkak eta aukerak” hitzaldia eskaini du. Jarraian, “Formazioa eta enplegua, zailtasun egoeran dauden pertsonen gizarteratzea lortzeko ardatz nagusiak” hitzaldia eskaini du Aitor Avila hezitzaileak eta Kalexka Elkarteko koordinatzaileak.
72 lanpostu eskaintzen dira
#ABIAN azokaren interesgune nagusienetakoa enpleguari dagokiona da. Azokak, denera, 72 lanpostu eskaintzen ditu arlo ezberdinetan, Debegesa garapen agentziak eskualdeko eta inguruko 361 enpresen prospekzioa egin eta gero. Lan bila dabiltzanek Debegesaren webgunean jaso dezakete lan-eskaintzen berri (www.debegesa.eus) eta bertan eman behar dute izena. Hain zuzen ere, Debegesak bere tokia du azokan. Bertara hurbiltzen direnek, lan-eskaintzen berri jaso ahal izango dute, zalantzak argitu, ekintzailetzarekin loturiko informazioa eskatu edota aholkularitza jaso ahal izango dute. Dagoeneko, 230 curriculum jaso dira. Azokak iraungo duen egunetan profesional bila dabiltzan enpresek lan-elkarrizketak egingo dituzte.
Halaber, LANBIDE ere presente dago azokan eta kudeatzen dituen lan-eskaintzen berri emango du.
Lanbide heziketari dagokionean, azokara hurbiltzen diren bisitariek eskualdeko eskaintza formatibo zabala eta eskaintzen diren titulazio ezberdinak bertatik bertara ikusteko eta ezagutzeko aukera izango dute. LHko ikastetxeek stand propioa izango dute, eta Erdi Mailako eta Goi Mailako espezialitate guztiak zuzenean erakutsiko dituzte. Egun, Debabarrenean 45 bat ziklo formatibo eskaintzen dira, arlo profesional ezberdinetara egokitutako eduki teorikoekin eta praktikoekin, eta 2.000 inguru ikasle daude matrikulatuta.
Bestalde, #ABIAN azokak hitzaldi, solasaldi eta doako tailerrak hartuko ditu ekintzailetza eta lan-bilaketa ardatz hartuta. Saio eta tailer hauek guztiak irekiak eta doakoak dira. Informazio gehiago HEMEN.
Babesle eta laguntzaileak
Ekimenak babes handia jaso du erakunde zein enpleguarekin eta Debabarreneko gizartearekin konprometituta dauden entitate eta enpresen aldetik. Honela, #ABIAN azokak SD Eibar Fundazioaren, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailaren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako departamentuaren, Obra Social “la Caixa”ren eta Laboral Kutxaren laguntza jaso du. Halaber, bederatzi dira ekimenarekin bat egin duten eskualdeko enpresak: Danobat Group, IK4-Tekniker, Egile, EPC, Alcorta, Etxe-Tar, Kirolbet, Urkotronik eta AGME, Lanbide Heziketaren eta enpresen arteko lotura zuzena eta kolaborazio sare estua agerian utziz.
- Ikusi ARGAZKIAK